Txinzerrek ikasturteko ingurumen hezkuntzako eskaintza aurkeztu du
Tailerren helburua da jasangarritasuna sustatzea eta ikasleak baliabideak modu iraunkorrean kudeatzearen garrantziaz kontzientziatzea. Izen-emateak Txinzerren webgunean egin daitezke.
Leire Zubitur Txingudi Zerbitzuetako (Txinzer) gerenteak, Jose Antonio Santano eta Igor Enparan Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko lehendakari eta lehendakariordeak eta Txingudi Ikastolako irakasle eta ikasleek 2023-2024 ikasturteko ingurumen hezkuntzako eskaintza aurkeztu zuten ostegun goizean Txingudi Ikastolan.
Txinzerrek eskaintzen dituen ingurumen hezkuntza tailerrak Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatuta daude, eta beren helburua da Bidasoko eskualdean jasangarritasuna sustatzea eta ikasleak baliabideak modu iraunkorrean kudeatzearen garrantziaz kontzientziatzea. Ildo beretik, tailer horiek Eskola Agenda 2030 proiektuan “bete-betean” integratzen direla adierazi zuten.
Aurtengo eskaintza berritasunekin datorrela jakinarazi zuten. Parte hartzaileek aurkituko duten berrikuntza nagusia kontsumo tailerra da. Ikastaro horretan, publizitateak, merchandisingak eta sare sozialek kontsumo ohituretan nola eragiten duten aztertu eta gizarte kontsumistak hondakinak nola sortzen dituen hausnartuko da. Horrez gain, baliabideak murriztea eta berrerabiltzea lehenestearen garrantzia azpimarratuko da, birziklatzean soilik zentratu beharrean. Tailer horrek ekonomia zirkularraren eredu bat sortu nahi duela nabarmendu zuten, egungo ekonomia linealaren ikuspegiarekin alderatuta.
Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen ‘Escape Hall’ jolas parte hartzaile eta sortzaileak ere aldaketak izango ditu. Iaz jokoa formatu fisikoan osatu ondoren, digitalean landuko da tokiko ekintza eta ingurumenarekiko konpromiso pertsonalen garrantzia ulertzera eramango duen hausnarketa dinamika bat indartzeko.
Datu onak
Azken sei urteetan Txinzerrek sustatutako tailerren parte hartzaile kopuruak gorakada nabarmena izan duela iragarri zuten. Iaz 140 tailer eman ziren, duela sei urte baino 94 gehiago. Parte hartzaile kopuruari dagokionean, %111,72an igo ziren datuak duela sei urteko datuekin alderatuta, eta iaz, 3.396 ikasle aritu ziren ikastaroetan.
Gainera, aurreko ikasturteetan bezala, oinarrizko edukiekin lotutako beste bost tailer ere eskainiko zaizkie Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei. Bertan, oinarrizko gaiak jorratuko direla aurreratu zuten; hala nola, hondakinak eta hiri garbiketa, Zisare urteko konpostaje programa edota uraren ziklo integrala bertatik bertara ezagutzeko Elordi eta Atalerrekako instalazioetara bisitak.
Leire Zubiturrek Bidasoko ikastetxe guztien parte hartze aktiborako deia egin zuen, haur bakoitza kontzientziatzearen garrantzia nabarmenduz. Tailerretan izena emateko epea zabalik da jada, eta Zubiturrek “lehenbailehen” erregistratzea komeni dela aipatu zuen, modalitateen zein data ezberdinen aniztasuna aprobetxatzeko. Ikastaroetan izena eman nahi duten ikastetxeek Txinzerren webgunearen bidez egin dezakete.