Txingudi Errugbiko talde nagusiak, Plaiaundin
Emakumeen eta gizonen lehen taldeek denboraldiko etxeko lehen partidak jokatuko dituzte larunbat arratsaldean. Gizonak 15:30ean arituko dira, eta emakumeak, 17:30ean.
Lehen jardunaldian etxetik kanpo jokatu ondoren, Txingudi Errugbiko emakumeen eta gizonen talde nagusiek Plaiaundin jokatuko dute larunbatean. Gizonak dira zelairatuko diren lehenak. Euskadiko Erregional Bigarren Mailako bigarren jardunaldiko partida jokatuko dute Arratiko Zekorren aurka, 15:30ean. Bi taldeak lehen jardunaldiko porrota atzean uzten ahaleginduko dira, biek ala biek galdu baitzuten estreinako norgehiagokan.
Gizonen partida bukatuta, emakumeen txanda izango da. Euskal Ligako bigarren jardunaldiko partida jokatuko dute Gaztediren kontra, 17:30ean. Asier Gonzalezek entrenatutako jokalariek sentsazio onak izan zituzten estreinako partidan, eta bide horretan jarraitu nahi dute. Hala ere, Gaztedi ez da aurkari xamurra izango, egungo Euskadiko txapelduna baita. Arabarrek Plaiaundin irabazi zuten iazko Euskal Ligako finala Durangoren kontra.
Errugbilari gazteek ere neurketak izango dituzte asteburuan. 18 urtez azpiko taldeak Iruñean jokatuko larunbatean La Unicaren aurka, 12:00etan. Bidasoarrek Donostiako Bera Berarekin batera osatu dute taldea, eta lehenengo jardunaldian galdu egin zuten. Aurkariek, aldiz, ligako estreinako partida irabazi zuten, eta ez dizkiete gauzak erraz jarriko bisitariei.
14 urtez azpiko taldeak, berriz, Gipuzkoako errugbi zazpiko txapelketako jardunaldia jokatuko du Hernaniko Landare zelaian. Topaketa horretan Txingudi, Hernani, Atletico San Sebastian, Mutriku, Eibar eta Arrasate arituko dira.
Errugbia ere, Igande Sasoien
Igande honetan, emakumeen kirola sustatzea helburu duen Igande Sasoi izeneko topaketa gauzatuko da Zabaltza plazan, 10:00etatik 13:30era. Kirol topaketa Parean Elkarteak, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute, eta Txingudi Errugbi Taldea bertan izango da. Goiz osoan zehar, Zabaltza plazan errugbi zelai txiki bat muntatuko dute, eta emakumeen talde nagusiko jokalariek errugbia sustatzeko jarduerak egingo dituzte.