Irun Zuzenean jaialdiaren balorazio positiboa egin du udalak
Irailaren 29tik 30era Irun Zuzenean rock eta indie jaialdiaren zazpigarren ekitaldia egin zen Ficoban, eta bi egun horietan 2.000 pertsona inguruk gozatu zuten musikaz.
Irailaren 29tik 30era Irun Zuzenean jaialdiaren zazpigarren ekitaldia egin zen Ficoban, eta Irungo Udaleko Kultura arloak rock eta indie jaialdiaren lehen balorazio “positiboa” egin du.
Musika jaialdiak iraun zuen bi egunetan, 2.000 pertsona inguru bertaratu ziren Ficobara. Udalak nabarmendu du Espainiako eta nazioarteko musika panoramako artista eta talde garrantzitsuek osatu dutela aurtengo programazioa.
Hona hemen Nuria Alzaga Kultura ordezkariak egindako balorazioa: “Irun Zuzenean jaialdiaren zazpigarren edizioak balantze positiboa izan du, bai ikuskizunen kalitateari dagokionez bai ikusle kopuruari dagokionez. Aurten, jaialdiak 2.000 pertsona inguru bildu ditu, eta gazteek eta helduek gozatu ahal izan dute gaur egungo musikaren panoraman ospe handiena duten artistez eta taldeez, eta baita tokiko talentu berriez ere, izan ere, horiek ere zeresan handia eman zuten, ondo jardun zuten eta”.
Berritasunak
Jaialdiaren zazpigarren ekitaldirako, berritasunak sartu zituzten antolatzaileek. Alde batetik, DJak sartu dituzte aurtengo programazioan. Bestetik, jaialdiaren ordutegia zabaldu da, kontzertuen ondorengo uneak animatzeko saioak eginez. Horrez gain, zozketa eta merchandising postuak jarri zituzten parte hartzaile eta bisitarien eskura.