Cuetara: "Puntuak ateratzen ari gara eta taldea oso lehiakorra izaten ari da"
Bidasoa Irunek Artalekun jokatuko du larunbatean Angel Ximenez Puente Genilen aurka, 17:00etan. Irundarrak bolada onean dira, eta olatuaren gainean jarraitu nahi dute.
Logroñon garaipena lortu eta denboraldi hasiera onari jarraipena eman ondoren, Bidasoa Irun Artalekura itzuliko da larunbatean. Irundarrek Angel Ximenez Puente Genilen aurka jokatuko dute, 17:00etan. Kordobako taldea bosgarren da sailkapenean bost punturekin, eta nagusitasunez irabazi zuten jokatutako azken partida. Bidasoa, aldiz, bigarren da zazpi punturekin.
Jacobo Cuetarak nabarmendu du larunbateko aurkaria “ondo” jokatzen ari dela eta talde “lehiakorra” dela. Horrez gain, onartu du “une onean” dagoen taldea dela eta partida “zaila” izango dutela.
Angel Ximenez Puente Genilen Asobal Liga hasiera ona izan bada ere, Bidasoak ere bide onetik hasi du sasoia, eta galdu gabe dira oraindik. Cuetarak adierazi du Bidasoa “lehiakorra” izaten ari dela, eta bide horretan jarraitu nahi du: “Puntuak ateratzen ari gara eta taldea oso lehiakorra izaten ari da. Oso ondo lehiatzen ari gara, baina norgehiagokak parekatuak izaten ari dira, nahiz eta gero markagailua, partida batzuetan, azkenean hautsi dugun. Liga konplexua da, gainerako emaitzak ikustea besterik ez dago. Gu oso pozik gaude gure ibilbidearekin, baina argi izan behar dugu aurreko garaipenak edo Bartzelonaren aurkako berdinketak ez digutela larunbatean garaipena emango, oso ondo jokatu beharko dugu”.
Bidasoarren prestatzaileak argi du zer egin behar duten andaluziarren aurkako partida irabazi nahi badute: “Ondo jokatu behar dugu, aurkaria baino freskoago eta azken txanpara erosoago iritsi. Hobetu behar dugun gauza da jokalari gehiago txandakatzen joatea. Horretarako, konfiantza eman behar diet jokalariei eta haiek niri. Jokalariak lan handia egiten ari dira eboluzionatzen jarraitzeko”.