Udal egutegia osatzeko argazkiak hilaren 30era arte bidal daitezke
Hiriko historia eta ondarea da parte hartzaileek jorratu beharko duten gaia. Irudiak udalaren webgunearen bidez aurkeztu behar dira.
2024ko udal egutegia osatzeko prozesua martxan da, eta aurreko urteetan bezala, herritarrek parte hartu ahal izango dute. Hiriko historia eta ondarea da jorratu beharreko gaia.
Aurkezten diren argazki guztietatik, hamahiru hautatuko ditu Irungo Argazki Elkarteak. Hilabete bakoitzerako argazki bat baliatuko da, eta hamahirugarrena azalerako erabiliko da.
Irungo Udalak espazio bat ireki du bere webgunean. Atal horretan kontsulta daitezke irudiek bete behar dituzten gutxieneko ezaugarriak. Argazkiak bidaltzeko galdetegia ere bertan aurkituko dute interesdunek, eta hilaren 30a da argazkiak aurkezteko azken eguna.
Argazkiak originalak izan beharko dira, inongo lehiaketetan saritu gabeak eta inongo hedabide profesionaletan argitaratu gabeak. Horrez gain, soilik Irungo leku jakin bat agertzen edo identifikatzen duen argazkiak onartuko dituzte.
Aurreko ekitaldietan egin bezala, aurten ere arreta jarri nahi da irudietan adingabeak agertu ez daitezen. Adingaberik agertzen bada, egileak gurasoen baimena izan beharko du bere argazkia egutegian argitaratzeko.
Irudiek .jpg luzapena eta formatu horizontala izan beharko dute. 30×20 zentimetroko luze-zabalera izatea beharrezkoa da, eta hazbeteko 250-300 puntuko bereizmena izango dute gutxienez, hautatuz gero editatuak izateko kalitate nahikoa izan dezaten.
Aipatu bezala, argazkiak udalaren webgunearen bidez bidali behar dira. Parte hartzaileen erantzukizuna izango da aurkezten diren lanetan hirugarrenen batek eskubiderik ez izatea eta irudi eskubideak direla eta inolako erreklamaziorik ez aurkeztea. Parte hartzaileek, gainera, hiru argazki bidali ahal izango dituzte gehienez, baina aukeraketa egindakoan, egile bakoitzeko argazki bakarra hautatuko da. Egutegia abenduan argitaratuko da, eta, orotara, 11.000 ale kaleratuko dituzte.