Talka David Nuño Podemoseko bozeramailearen eta Borja Olazabal udal ordezkariaren artean
Mugikortasunaren asteari buruzko tertulia baten ondoren izan zen ika-mika.
Pasa den irailaren 26an, udalean dauden alderdietako bozeramaileek tertulia bat izan zuten irrati batean mugikortasunaren astea izaki. Behin tertulia bukatuta, talka izan zuten Borja Olazabal Mugikortasun eta Kiroletako ordezkariak eta David Nuño Podemos Euskadi, Ezker Anitza- Aliantza Berdeko ordezkariak.
Atzo, Nuñok publiko egin zuen udal ordezkariak bera “ahoz eraso egin eta fisikoki beldurtu” izana. “Mugikortasuneko ordezkaria altxatu egin zen eta oso modu txarrean eta larderiazko keinuekin errieta” egin ziola salatu du Nuñok, “nire segurtasun espazioa ostuz”.
Astebete geroago, Olazabalek ukatu egin du gertakariak hala suertatu izana eta “bere kontra” egindako “akusazioak” izan direla salatu du: “Gezur hutsak dira akusazioak. Neurriz kanpo hauspotutako kontu bat, eta Nuñok horretaz baliatu nahi du nire irudia zikintzeko eta politika modu itsusienean egiteko”.
Ustezko erasoa gertatu berritan, Nuñok Jose Antonio Santano alkateari mezu bat bidali zion “Mugikortasuneko ordezkariaren beharrezko zuzenketa eta barkamen eskaera egiteko, udalbatzan sintonia ona bermatzearren”. Mezu horretan alderdi moreko ordezkariak gaineratu zuen “iraindua, umiliatua eta bortxatua” sentitu zela.
Alkateak telefono dei baten bidez erantzun zion esanez “eremu pribatu batean bi helduren arteko auzia” izan zela eta mezu hori Olazabali berari bidaltzeko galdegin zion.
Olazabalek berretsi egin ditu alkatearen hitzak eta adierazi du ez duela ulertzen “zertarako nahasi nahi duten alkatea” auzi honetan. “Bi pertsonaren arteko esparru pribatuko eztabaida bat izan da, inongo loturarik ez duena gure kargu publikoekin edo udalbatzako kide izatearekin. Gai pribatu bat da eta David Nuñok izaera publikoa eman izan nahi dio”. Segidan, “publizitate bila” joan izana leporatu dio Nuñori.
Olazabalek dio “harrigarria” egin zaiola “elkarrizketarako dei publikoa, Podemoseko eledunak modu sistematikoan kritikatzen dituenean Kirol eta Mugikortasun arloetako kudeaketa gaiak, aldez aurretik sekula ez duenean niregana jo informazio edo azalpen eske. Elkarrizketak norabide bikoa izan behar du”.
Nuñok deitoratu egin du alkateak ordezkariari jarrera zuzendu eta barkamena eskatzeko eskaria alde batera utzi izana, eta salatu egin du Olazabalek aste bat pasa ondoren barkamenik ez eskatu izana. Bestalde, eskerrak eman dizkio bozeramaileak helarazi dioten babesagatik Xabier Iridoi EAJko bozeramaileari eta Iñigo Manrique PPko bozeramaileari, baita izendatu ez dituen beste zinegotzi batzuei ere.
Azkenik, udalaren komunikazio bideetatik zabaldutako mezuan Olazabalek berriz ukatu du inolako erasorik egon izana, baita ere Nuño erasotua sentitu izana. Udal ordezkariak dio “atsekabetuta” dagoela arazoa ezin izan delako konpondu “prentsaren titularretatik urrun”.