Hasi dituzte Oiassoko termak berreskuratzeko obrak
Gaur hasita, 14 hilabeteko epea dute obrekin amaitzeko. Asmoa, termak babesteko eraikin bat altxatzea eta aztarnetara gerturatzeko beirazko pasarela bat sortzea da. Horretarako, 2.573.777,27 euroko aurrekontua erabiliko dute.
Europako Next Generation funtsei esker proiektua martxan jarri eta gero, gaur hasi dituzte Oiassoko termak herritarrengana gerturatzeko obrak. Horretarako, termak, eraikitzera doazen eraikin baten barruan sartuko dituzte eta kanpoaldera begira, beirate bat jartzea dute asmo. Lizitazio aurrekontua 2.573.777,27 eurokoa da eta exekuzio epea 14 hilabetetakoa.
Termen eraikinak 448,57 metro karratuko azalera erabilgarria izango du eta horren helburu nagusia aztarnak eguratsetik babestea izango da. Horrez gain, aztarnak erakustea ere bada obren xedea, termen gainean beirazko pasarela bat eginez.
Eraikin berria Irungo hirigune historikoaren parte izatea nahi du udalak. “Horretarako, urbanizazioa Fermin Calbeton kalearen urbanizazio berriko zolagainekin eta Beraungo etxeko hareharrizko lauzekin bat etortzea proiektatu da, eta aztarnen ardatzak trazatzea”.
Bestalde, udalak azaldu du bertan dagoen Libanoko zedro zuhaitza bertan mantenduko dutela, “tamaina eta balio handiko” zuhaitza delakoan. “Merezi duen garrantzia eman zaio plaza berriaren hirigintzako proposamenean; izan ere, parterre handi bat eraikiko da haren inguruan, behar bezala garatzeko babesa eta oinarria emateko”.
Berrurbanizatuko duten inguru hau puntu beltzik gabekoa izatea ere kontuan izan dute eta “argiz betetako antolamendu zabal eta atsegin bat” diseinatu dutela baieztatu du udalak, “arlo horrekin lotutako arazoak saihesteko”.
Etorkizuneko termen xehetasun guztiak albiste honetan bildu dira.