Musika, Girabiraren azken protagonista
Girabira egitasmoaren urteko azken saioa egingo da igande honetan, musika ardatz. 'Txikimusika' jarduerak Mendibil parkea hartuko du 12:00etatik aurrera.
Igande honetan, hilak 8, Girabira programaren urteko azken saioa egingo da. Parkeez familian gozatzeko egitasmoaren azken jardueraren protagonista musika izango da. Txikis del Bidasoak antolatuta, ‘Txikimusika’ jarduerak Mendibil parkea hartuko du 12:00etatik aurrera.
‘Txikimusika’ formatua 12:00etan hasiko da. 12:30ean Alondra Bentley-k kontzertua emango du. Bentley-k ikuskizun “ludiko eta dibertigarria” eskainiko du. Antolatzaileek zehaztu dute helburua dela “ondo pasatuz ikastea, musikari balioa emanez eta interakzioa sustatuz”.
13:30ean piknik musikatua egingo da. Familiei dei egin diete beren oihalak eta piknikak eramatea parkean gozatzeko. Horrez gain, jakinarazi dute ez dela taberna zerbitzurik egongo.
Ondoren, 14:30ean, haurrentzako tailerrak hasiko dira. Bi orduko iraupena izango dute, eta parte hartzaileak musika ardatz duten tailerretan murgilduko dira. Tailer horiek irekiak dira, eta ez da aurrez izena eman behar. Xedea da musikarekin lotutako jarduera ezberdinak ezagutzea. Antolatzaileek nabarmendu dute haurrak uneoro egon behar direla guraso edo heldu arduradun baten zaintzapean. Orotara, zazpi tailer eskainiko dira, denak euskaraz. Hona hemen:
- Artean Espazioa: Jarduera sortzaileak. 5 urtetik gorakoentzat.
- Irungo Musika Eskola: Estimulazio musikaleko tailerra. 4 eta 8 urte artekoentzat.
- Kuttuna Haur Eskola: Musika eta mugimendua tailerra. 1 eta 3 urte artekoentzat.
- Skola Musik: Hiru tailer: Gitarra eta baxua; bateria; eta karaokea. 5 urtetik gorakoentzat.
- Taupa! Musikarekin Hazten: Estimulazio musikal goiztiarreko tailerra. 4 hilabetetik 3 urte artekoentzat.