Greban daude Irungo Correoseko garbitzaileak
Lau hilabete daramate langile emakumeek soldata kobratu gabe J Cordoba enpresaren partetik. Horrenbestez, greba hasi zuten atzo eta hilaren 15era arte luzatuko dute.
Irungo, Pasaiako eta Donostiako Urdaneta kaleko Correos garbitzen duten langileek greba hasi zuten atzo eta hilaren 15era arte hala egongo dira. Langileek lau hilabete daramate soldatarik kobratu gabe, baita uztaileko aparteko ordainsaririk jaso gabe ere. Bien bitartean, gainera, langileek lanera joaten segitu dute baina ordainsaririk jaso gabe.
Langileak (%96 emakumeak dira), J Cordoba garbikuntza enpresarentzat egiten dute lan eta Correosen bulegoak garbitzen dituzte azken hauek azpikontratatuta.
Langileen asanbladak salatu du Correosek garbikuntzako langileak “enpresa lapurren esku” utzi izana eta bere erantzukizunak ez hartu izana. “Azpikontrata eta langileen arazoa balitz bezala jokatzen du”.
Onartezintzat jo dute diru publikoz hornitutako enpresa den Correosek “bere langileei dirua ez ematea”. Correosek J Cordoba enpresarekin duen kontratua ez etetea eta, horrenbestez, egoera honen konplize bilakatzea leporatu diote.
Gaur, Zabaltza plazako Correosen parean elkarretaratzea egin dute eta ELA sindikatuaren eta Bidasoko Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren babesa jaso dute. Bihar eta etzi, Donostiako Urdaneta kaleko eraikinaren parean elkartuko dira.