'18zm' lehiaketa-erakusketa gaur jarri da martxan
Gaurtik urriaren 20ra bitarte dute artistek haien 18 zm neurriko lanak aurkezteko.
Gaur ireki da 18zm lehiaketan lanak aurkezteko epea eta hilaren 20ra arte egongo da zabalik. Lehiaketaren VI. ekitaldiko gaia ‘Caleidoscopio/Aniztasuna’ da eta piezek 18 zm-ko tamaina izan behar dute. Ikus entzunezkoen kasuan, 18 segundo iraun behar ditu edota minutu bat eta 18 segundo.
Antolatzaileek erakutsi nahi dute Irun “hiri kaleidoskopikoa” dela: “[Irun] geruza ugarik osatzen dute, eta horien bidez askotariko kontzeptuak landu ditzakegu, lengoaia artistikoetan zein gizarteko diskurtsoetan presente daudenak, esate baterako: mundu ikuskera zaharraren eta garaikidearen arteko lotura, aniztasunaren eta banakoren arteko harremana, absolutuaren eta erlatiboaren artekoa, gorputzaren konplexutasuna, kulturen eta komunitateen eraldaketa, aldaketarako tresnak eta mugimenduen norabidea”.
Lan horiek MP4 formatuan aurkeztuko dira posta elektronikoz, fitxategiak partekatzeko plataforma bat edo esteka bat erabilita. Parte hartu nahi duten pertsonak bi mailatan aurkez daitezke: banakako mailan obra batekin, edota serieen mailan. Bigarren kategoria horretan gutxienez bi eta gehienez hiru pieza aurkezteko aukera izango dute interesdunek.
Parte hartzea
Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek Amaia KZra eraman beharko dituzte obrak urriaren 3tik 20ra, honako ordutegian: asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara.
Obrarekin batera, izena emateko orria entregatu beharko dute parte hartzaileek. Horrez gain, nahi izanez gero, obren azalpen txiki bat ere aurkez daiteke. Obra postaz bidaltzen bada, Amaia KZra iritsi behar da urriaren 20ko 21:00ak baino lehen.
Lanak aurkezteko epea bukatuta, epaimahaiak obra batzuk aukeratuko ditu, “kalitatea eta dibertsitatea” kontuan hartuta. Hautatutako obra horiekin bilduma bat osatuko da, eta jendearentzako ikusgai egongo da urriaren 27tik azaroaren 12ra Amaia KZn. Sariak, gainera, erakusketa hori irekitzen den egun berean banatuko dira, hau da, urriaren 27an.
Epaimahaia eta sariak
Epaimahaia artearen eta ikus-entzunezkoen alorreko profesionalek osatuko dute, eta hurrengo mailetan emango dituzte sariak:
- Margolan onenaren saria: 300 euro.
- Argazki onenaren saria: 300 euro.
- Eskultura onenaren saria: 300 euro.
- Ikus-entzunezko obra onenaren saria: 300 euro.
- Serie onenaren saria: 300 euro.
Sari horiez gain, aurkeztutako obra guztien artean, epaimahaiak ‘Tamayo Saria’ emango du. Irabazleak 180 euroko txartel bat lortuko du Donostiako Tamayo dendan erabiltzeko (Legazpi kalea, 4).