Zerbitzuak eskaintzen ditu jada Emakumeen Etxeak
Zerbitzuak ez dira intrintsekoak izango eta emakumeen beharren arabera moldatzen edo gehiago sortzen joango dira. Gipuzkoan herri batzuetan soilik eskainiko dute Garaitu zerbitzua Irunen jarri dute eta indarkeria matxista edo sexu-erasoak egon direneko egoeretan pairatu dituztenentzako arreta izango da.
Emakumeen Etxean (Istillaga plaza, 5 zenbakia) ekainetik daude Berdintasun arloko teknikariak bertan lanean, baina etxeak eskainiko dituen zerbitzuak ez dira martxan jarri gaur arte. Horien aurkezpena egiteko agerraldia egin dute gaur, etxean bertan, eta hantxe izan dira Cristina Laborda Berdintasun zinegotzia, Maribel Castello Irungo Emakumeen Etxea elkarteko ordezkari bat eta Aitziber Irazoki Berdintasun teknikaria.
Zerbitzuetako arreta diziplinarteko lantalde batek osaturikoa da. Hain zuzen, psikologo batek, hezitzaile batek eta abokatu batek eskainiko dituzte arreta zerbitzuak. Haiengana iristeko aurretik hitzordua hartu beharko dela argitu du Labordak. Horretarako telefonoz dei daiteke 943 50 55 05 telefono zenbakira edota etxera bertara gerturatu goizez nahiz arratsaldez, 09:30etatik 12:30etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Etxearen barne-eraikitze prozesua
Esan daiteke etxearen ate irekierarekin prozesuaren parte bat itxitzat jotzen dela, baina oraindik espazioaren kudeaketarekin zerikusia duen hitzarmena falta zaie sinatzeko udalari eta Irungo Emakumeen Etxea elkarteari. Oraingoz, elkarteak eta udalak zein harreman izango duten finkatu dute eta etxearen kudeaketa nolakoa izango den.
Castello, elkartearen ordezkarietako batek azaldu du hitzarmenaren zirriborroa prest dagoela jada eta urriaren 10ean asanblada ireki bat egingo dutela zirriborro hori berrikusteko. Hitzarmenean joan beharreko hainbat erabaki hartuko dituzte “lehentasunak, jarduerak eta hitzarmen hori oinarri izanda garatuko den guztia eta Emakumeen Etxetik finkatuko diren politika feministak”.
Zerbitzuak
Zerbitzuak zein izango diren erabakitzea ere barne-eraikitze prozesuaren barruan joan dela azaldu du Labordak. Hori hala, gaur aurkeztu eta martxan jarri diren zerbitzuak ez direla intrintsekoak adierazi du: “Prozesua irekita dago eta irekita segituko du. Emakumeek dituzten beharrak ikusten eta antzematen joango gara eta horren arabera, nola egokitu horiek erabakiko dugu hilez hil, ikasturtez ikasturte. Ez da itxi den prozesu bat”.
V. Berdintasun plana
Berdintasun politikak eta politika feministak aipatu ditu aurkezpenean Berdintasun zinegotziak. Hartara, HITZAk V. Berdintasun plana gaur egun zertan den galdetu dio eta ea Irunek planik izango duen, auziaren luzapena ikusita.
Cristina Laborda Berdintasun zinegotziak ondokoa erantzun du: “Laugarren plana eduki genuen eta bosgarren Berdintasun plana ere izango dugu. Udalbatza ekainean osatu genuen, uztailean forma hartzen hasi zen eta orain arloko kontseiluak martxan jartzen ari gara, tartean, Berdintasun arloa. Orduan hasiko gara lanean planaren garapenean eta onarpenean udalbatzarekin batera. Jakina delako udalbatzak onartuko duela plana”.
Iazko abenduan, Berdintasun planaren zirriborroa Emakundera igorri zen eta erakundeak lau zuzenketa egitea proposatu zuen. “Berdintasuna bultzatzeko egitura indartzeko ekintzak sartzea; jarraipen metodologia nolakoa izango den gehitzea; argitzea ebaluazioa nork egingo duen; eta Irun hirian Alarde parekideari buruz dauden erronkak jasotzea eta udalak eskaini behar dituen erantzunak zehaztea”.
Ordutik, udalak ez du planaren nondik norakoen berririk eman, nahiz eta udal eta foru hauteskundeak pasa. Hala, Elkarrekin Podemos alderdiak irailean berdintasun mahaia eratzeko eskaria egin zion arloari, planaren gainean lanean segitzeko.
Jarraian, etxearen irudi batzuk eta zerbitzuen eskaintzaren zerrenda. Xehetasun gehiagorako irun.org orrialdera joan daiteke.
Igualate zerbitzua. Ikasketak eta prestakuntza-ibilbideak homologatzeko aholkularitza.
- Ordutegia: hilabeteko azken asteartetan eskainiko da eta 16:00etatik 20:00etara.
- Helburuak:
- Migratzaileek atzerrian egindako ikasketak homologatu, baliokidetu eta/edo baliozkotzeko prozesuetarako aholkularitza eta jarraipena ematea, batik bat mendekotasuna duten pertsonak zaintzen eta etxeko zerbitzuan lan egiten duten emakumeei begira.
- Prestakuntza-ibilbide indibidualetarako laguntza ematea, emakume migratzaileen autonomia pertsonala eta ahalduntzea sustatzeko.
- Ikasketak homologatu, baliokidetu eta/edo baliozkotzeko prozesuen eta prestakuntza-ibilbideen jarraipena.
- Aholkularitza eta informazio pertsonalizatua.
Emakumeentzako lege-aholkularitza.
- Ordutegia: astelehenetan, 16:00etatik 18:00etara
- Zerbitzu honen bitartez lege-informazioa eta aholkularitza espezializatua emango zaie emakumeei, honako gai hauen inguruan: familiako zuzenbidea, laneko zuzenbidea (soziala eta gizarte-segurantza), atzerritartasuna, zigor-zuzenbidea (generikoa eta genero-indarkeriari buruzkoa), espetxe-zuzenbidea, izapideak egiteko aholkularitza (doako laguntza juridikoa nola eskatu, adibidez), eta generoa dela eta esanguratsua dela jotzen den beste edozein gairi buruzko lege-aholkularitza.
- Zerbitzu honetan informazioa eta aholkularitza eskainiko da, baina ez da kasuen jarraipenik eta/edo izapidetzerik egingo.
Sexu aholkularitzako zerbitzua 25 urtetik gorako emakumeei zuzendutako zerbitzua.
- Ordutegia: Hamabostean behin, astelehenetan, 17:00etatik 19:00etara.
- Emakumeen beharrak askotarikoak dira, emakumeak berak bezalaxe, eta zerbitzu hau banaka emango da.
Garaitu zerbitzua. Arreta psikosoziala, sozioedukatiboa eta soziojuridikoa eskaintzen da indarkeria matxista edo sexu-erasoak egon direneko egoeretan.
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu publiko bat da. Zerbitzua berria da eta Gipuzkoako udalerri batzuetan baino ez da eskainiko, tartean, Irunen. Zerbitzu honen bidez arreta emango zaie Bidasoaldeko emakumeei (Irun eta Hondarribia).