Txingudi Errugbiko taldeen liga hasiera, kaxkarra
Emakumeen eta gizonen talde nagusiek eta 18 urtez azpikoek ez dute denboraldia bide onetik hasi, hiru taldeek galdu baitzituzten beren partidak.
Denboraldi hasiera kaxkarra izan dute Txingudi Errugbiko talde guztiek. Emakumeen talde nagusiak gertu izan zuen garaipena Zornotzan Euskal Ligako estreinako partidan, baina galdu egin zuten Elorrio-Urgozo taldearen aurka (21-18).
Gizonen talde nagusiak porrot latza jaso zuen Iruñean La Unica B-ren kontra (69-10). Neurketa hasiera parekatua izan zen, baina lehen zatiaren erdialdean Xabi Sanchezek jasotako aldi baterako kaleratzetik aurrera, bidasoarren animoek behera egin zuten. Hortik aurrera, etxeko taldeak aldea egin zuen markagailuan, eta Txingudi ez zen gai izan erreakzionatzeko bigarren zatira arte.
18 urtez azpikoek ere gizonen talde nagusiaren antzera hasi dute liga, alde nabarmenagatik galdu baituzten. Txingudik eta Bera Berak osatzen duten taldeak 7-33 galdu zuten Plaiaundin Gernikak, Arratikok eta Urgozok osatzen duten taldearen aurka.
Atzo, gainera, Gipuzkoako Errugbi Federazioak eta Txingudi Errugbi Taldeak antolatutako Hondarribia Beach errugbi topaketa egin zen Hondarribiko hondartzan. Ia 400 haur bildu ziren topaketan, eta klubetik jakinarazi dute egun arrakastatsua izan zela.