Iraitz Arrospide eta Elena Silvestre, azkarrenak Txingudi Korrikan
Izena eman zuten 500 lasterkarietatik azkarrenak izan ziren Arrospide eta Silvestre, pronostikoak betez. Handbiketan, aldiz, Ion Galarraga faboritoa izan zen garailea.
Iraitz Arrospide eta Elena Silvestre izan dira Txingudi Korrika 10k lasterketako garaileak. 500 lasterkaritik gora eman zuten izena Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen atletismo proban, eta antolatzaileen arabera, pronostikoak bete ziren. Lasterketaren atarian, Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) Iraitz Arrospideren eta Elena Silvestreren izenak nabarmendu zituen, eta bi lasterkariek ez zuten huts egin, Txingudi Korrikaren XXIV. ekitaldiko irabazleak izan baitira.
Arrospide aurtengo ekitaldiko “luxuzko gonbidatua” izan dela baietsi du BATek, eta nagusitasunez gailendu zen Hondarribiko atletismo pistako helmugan 31 minutu eta 50 segundoko denborarekin. Arrospidek hasieratik lideratu zuen lasterketa, eta bere atzetik Martin Iriondo (32:44) eta Javi Menta (33:10) sailkatu ziren.
Silvestre ere “faborito nagusia” zen emakumeetan, eta ez zuen huts egin, nagusitasunez gailendu baitzen 36 minutu eta 34 segundoko denborarekin. BATeko Ane Zabalak (39:46) eta Marina Gonzalezek (40:16) osatu zuten podiuma.
Lasterketa nagusiaz gain, handbikeko proba lehiatu zen. Pronostikoak betez, Ion Galarraga izan zen garailea 23 minutu eta 45 segundoko denborarekin. Mikel Goikoetxea izan zen bigarren sailkatua. Galarragak iaz baino bost minutu gutxiagoan gelditu zuen denbora.
Emaitza guztiak Kirolprobak-en atarian, Bidasoa Atletiko Taldearen webgunean edo BATen sare sozialetan kontsulta daitezke. Horrez gain, bi zozketa ondu zituzten antolatzaileek. Oihane Korresek Galea Fisioterapia Zentroko sesioa irabazi du; eta Kristian Erostarbek, aldiz, Leire Sport-eko Brooks Adrenaline GTS23 zapatilak.
Txingudi Korrika Txikia
Helduen lasterketa 16:30ean irten zen Hendaiako Florida kaitik. Aurretik, baina, goizeko 10:00etatik 11:00etara, Txingudi Korrika Txikia lehiatu zen Gal inguruan. 300 haurrek hartu zuten parte topaketan, eta giro paregabea sortu zen.
Proba nagusiaren zein haurren lasterketetako argazkiak Bidasoa Atletiko Taldearen webgunean ikus daitezke.
BATeko emakumeak
Bartzelonak Espainiako Ohorezko Mailan aritzeari uko egin dio, eta iazko denboraldian jaitsi ziren taldeetatik onena BATeko emakumeena izan zenez, maila mantenduko dute beste urte batez. 2024an, hortaz, Espainiako Ohorezko Mailako taldea izango dira.