Garaipenarekin itzuli da Bidasoa Logroñotik
Bidasoa Irunek daraman bolada onari jarraipena eman zion larunbatean Logroñon etxeko taldeari irabazita (27-28). Lau jardunaldi jokatu ondoren, bidasoarrak galdu gabe dira, eta sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute.
Bidasoa Irunek daraman bolada onari jarraipena eman zion larunbatean Logroñon etxeko taldeari irabazita (27-28). Irundarrak denboraldi hasiera aparta osatzen ari dira. Lau jardunaldi jokatu ondoren, Jacobo Cuetararen mutilak galdu gabe dira, eta sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute zazpi punturekin. Bartzelona handia da lidergoan bederatzi punturekin, baina kataluniarrek bidasoarrek baino partida bat gehiago jokatu dute.
Lehen zati irregularra jokatu zuten irundarrek. Partida hasi eta berehala, markagailuan atzetik jarri ziren bidasoarrak, errioxarrak erritmo biziarekin kantxaratu baitziren. Bidasoaren erantzuna, baina, bikaina izan zen, eta 3-6 jarri ziren aurretik markagailua irauli ondoren. Bidasoaren defentsak arazoetan jarri zuen Logroño, eta bederatzira berdindu arte, aurretik izan ziren irundarrak markagailuan. Lehen zatiaren bukaeran bidasoarrak ez ziren fin ibili defentsan, eta etxeko taldea aurretik iritsi zen atsedenaldira (13-11).
Bigarren zatian beste Bidasoa bat kantxaratu zen. Akatsak zuzenduta, Cuetararen mutilek serio eta sendo ekin zioten bigarren zatiari. Ia uneoro berdinduta izan zen markagailua, baina 55. minutuan Bidasoa aurretik jarri zen (24-26). Partida bukatzeko bost minutu geratzen ziren, eta azken partzialek urduritasuna eraman zuten harmailetara. Azken erasoa errioxarrentzat izan zen, baina Harbaouik jaurtiketa gelditu zuen garaipena ziurtatu eta puntuak etxera ekartzeko (27-28).
Bidasoarren Asobal Ligako hurrengo partida Artalekun izango da larunbatean Angel Ximenez Puente Genilen aurka, 17:00etan.