Bazkari Antifa Solidario bat antolatu dute hilaren 14rako
Hazia tabernan izango da, eta txartelak Hazian eta Deporren eskura daitezke, 11 euroan. VOX-ek ekitaldi bat egin zuen apirilean San Migel auzoan, eta bi pertsonek salaketa administratiboa jaso dute. Lortutako dirua isun horiek ordaintzeko izango da.
Sare Antifaxistak adierazi du iragan apirilaren 13an VOX-ek ekitaldi “arrazista” bat egin zuela Irungo San Migel auzoan ‘Barrios seguros’ lelopean. Irungo Mugimendu Antifaxistak gogorarazi du toki berean egin zuten elkarretaratze batekin erantzun ziotela ekitaldi horri.
Mobilizazio hartan Ertzaintzak bi pertsona identifikatu zituela jakinarazi du Sare Antifaxistak, eta orain salaketa administratiboa iritsi zaiela azaldu dute. Isun horiek ordaintzeko, Bazkari Antifa Solidario bat antolatu dute Moskuko Antifaxistek Hazian hilaren 14rako. Bazkaria 14:30ean hasiko da, eta txartelak Hazia eta Depor tabernetan eskura daitezke bihartik aurrera. 11 euroko kostua dute, eta aukera begetarianoa egongo dela zehaztu dute antolatzaileek.
Programazioa, baina, ez da bazkarira mugatuko. 12:30ean presoen elkarretaratzea egingo dute Sargia parkean, eta 13:00ean, bazkari aurreko bermuta girotuko dute Uwadrops eta Selektah Stepi eta Lagunek.