Bidasoko Osakidetzak kataraten 250 ebakuntza Poliklinikari saldu dizkiola salatu du Osasun Bidasoak
Egoera hori "tamalgarria" dela dio plataformak, eta erabaki horrek osasuna pribatizatzea bilatzen duela nabarmendu dute. Neurri horien aurrean, Osasun Bidasoak argi du: "Baliabide publikoak optimizatu behar dira, profesionaletan inbertituz eta Osakidetzako osasun instalazioak handituz eta hobetuz".
Osasun Bidasoa Plataformak salatu du Osakidetzak Bidasoko herritarren kataraten 250 ebakuntza Donostiako Poliklinikari saldu dizkiola. Plataformarentzat egoera hori “tamalgarria” da, eta gaitzetsi nahi dute.
Osasun Bidasoak gogorarazi du Bidasoko Ospitaleko kontsulta espezializatuetarako eta ebakuntza kirurgikoetarako itxaron zerrendak “izugarri” igo direla azken urteetan. Egoera hori hainbatetan salatu arren, egoerak “okerrera” egin duela jakinarazi du plataformak, “hobetzeko” neurriak hartu ez direlako.
Osasun Bidasoaren hobekuntza proposamenak Bidasoko eskualdean “erabilgarri dauden baliabide publikoak optimizatzea” direla nabarmendu dute. Horretarako, argi dute bidea: “Profesionaletan inbertitzea eta Osakidetzako osasun instalazioak handitu eta hobetzea”.
Plataformaren ustez, katarata kirurgien pribatizazioa, Donostiako Poliklinikara desbideratuta, “kalte larria” da herritarrentzat. Horrez gain, “aurreikuspen faltagatik”, “arazoak” sortzen ari direla baietsi dute. Jarraian datozenak, esaterako:
- Ez zaie behar bezala bermatzen itxaron zerrendan ordena mantentzea zentro pribatu batean ebakuntzarik egin nahi ez duten eta Bidasoko Ospitalean kirurgia aukeratzen duten pazienteei.
- Pazienteak, 80 urtetik gora gehienak, Donostian egiten diren talde bilera masiboetan zitatzen dira, prozeduraren eta aurretiazko tratamenduaren berri emateko (botikak eta kolirioak). Pertsona horien talde arretak asko zailtzen du kataraten interbentzioa prestatzeko prozesu konplexua ulertzea, Osakidetzan ematen den banakako arreta pertsonalizatuarekin alderatuta. Tratamendu antikoagulatzailea hartzea bezalako egoerak ez dira modu pertsonalizatuan lantzen, eta arrisku handiak dakarzkie pazienteei.
- Ezagutzen ez duten profesional batek egiten die ebakuntza pazienteei, eta konplikaziorik izanez geri, ez da ziurtatzen profesional berak jarraipena egingo dionik.
- Poliklinikan alta eman ondoren pazienteen jarraipena ez dago antolatuta, ezta ziurtatuta ere. Ebakuntza egin eta 24 ordura alta ematen zaie Poliklinikan, bisita bakarra egin ondoren, eta pazienteak Osakidetzara bideratzen dira berriro, beharrezko jarraipen hitzorduak erreserbatuta egon gabe. Pazienteek eta haien familiek erromesaldi bat egin behar dute osasun zentroetan eta eskualdeko ospitalean, ezinbesteko jarraipen hitzorduak lortzeko.
Egoera horiek herritarrei “kalte larriak” erasaten dizkiela nabarmendu du plataformak, eta “osasunaren pribatizazioaren aldeko apustua egiten ari dela egiaztatzen” duela salatu dute. Hori dela eta, Osasun Bidasoak “aurrekontuak osasun pribatura ez desbideratzea eta Bidasoko osasun publikoan inbertitzea” eskatu dio Osakidetzari.
Itxaron zerrendak hobetzeko, “profesional gehiago eta lan baldintza hobeak eta azpiegituren berehalako inbertsioak” behar direla ziur dira plataformako kideak. Honakoak aipatu dituzte: Bidasoko Ospitalean eraikin erantsi bat eraikitzea, Oinaurren hirugarren anbulatorioa eraikitzea eta Irun Erdialdeko eta Dunboako anbulatorioak birmoldatzea eta handitzea.