Justo: "Oso une onean gaude"
Real Unionek goiko postuetan hasi du aurtengo sasoia, eta ez du hortik jaitsi nahi. Daramaten bolada onari jarraipena ematen saiatuko dira igandean. Salamancan jokatuko dute Unionistasen aurka, 18:00etan.
Federazio Kopatik at geratu ondoren, Real Unionek ligan zentratu behar du orain. Irundarren denboraldi hasiera bikaina izan da, eta bide on horretan jarraitu nahi dute Fran Justoren mutilek. Txuri-beltzen hurrengo erronka igandean izango da. Salamancan jokatuko dute, Unionistas taldearen aurka, 18:00etan. Txuri-beltzak sailkapeneko bigarren postuan dira hamabi punturekin, eta lidergoan den Tarragonako Nasticetik puntu bakarrera daude. Unionistas, aldiz, hamaikagarren da sailkapenean sei punturekin.
Fran Justok partida zaila aurreikusi du Salamancan, eta esan du “hilabete asko” daramatzatela etxean galdu gabe: “Uste dut ondoen lehiatzen den ligako taldeetako bat dela eta aurkariak proposa dezakeenera hobekien egokitzen dela. Lokal gisa oso indartsuak dira, hilabete asko dira inork ez duela lortzen Reina Sofian irabaztea. Oso zaila da arriskua sortzea eta gola egitea. Uste dut oso ondo menderatzen dituztela jokoaren fase guztiak, baina uste dut gu ere oso une onean gaudela. Partida interesatzen zaigun lekura eramateko eta garaipena lortzeko gai gara”.
Irundarren prestatzaileak aitortu du “maila” onean hasi dutela aurtengo sasoia, eta bide horretan jarraitu nahi du: “Real Unionek mundu guztiari erakutsi behar dio zergatik borrokatu nahi dugun. Egun horietako bat da hau, ea prest dagoen agertoki horietara joateko eta lehiaketaren lehen hilabete honetan erakutsi dugun maila horri eusten saiatzeko. Igandean gai izan behar dugu gure bertsiorik onena ateratzeko, kontzentratuta egoteko, taldea erakusten ari den konfiantza erakusteko. Unionistasek gure onena ematea eskatuko digu, punturen bat ekartzeko borrokatu egin beharko dugu”.