Etxe eta lokaletako efizientzia energetikoa hobetzeko, 400.000 euro gehiago
Irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzea helburu duen programari gehitu zaio kreditu aldaketa. Udal instalazioetako efizientzia hobetzeaz gain, etxeetako eta merkataritzako lokaletakoa ere hobetu nahi du udalak.
Osoko bilkura egin da gaur Irungo udaletxean eta eztabaidatu duten seigarren puntua kreditu aldaketena izan da. Aldaketa horietan bozkatutako bigarrena 400.000 eurokoa izan da, efizientzia energetikoa, egituren birgaitzeak eta irisgarritasuna hobetzeko diru laguntzari dagokiona.
Udalak badu programa bat zeinetan efizientzia energetikoa, egiturazko birgaitzeak eta irisgarritasuna hobetzeko sortu zen. Programa horrek 400.000 euro gehiago izango ditu gaur onartu dutenaren arabera eta Hirigintza ordezkariak adierazi duenez, “erabaki honi esker herritarren eskaerei erantzuteko gauza izango gara, hirian hain errotuta dagoen laguntza programa baten bidez”.
Orain arte, udal instalazioetako efizientzia energetikoa hobetzen aritu dira, baina alor horretan konpromisoa norbanakoak eta enpresak laguntzekoa ere badutela berretsi dute, “etxebizitzak edo ekipamenduak ildo horretan hobetu nahi dituztenean”.
Orotara, 700.000 euroko aurrekontua izango du programak 2023an. Urte honetako eskaeren epean, efizientzia energetikoa edota irisgarritasuna hobnetzeko 464 eskaera jaso ditu udalak; horietatik 145 onartu eta eman dituzte, eta 27 atzera bota. Eskabideak aurkezteko epea itxita dago eta gaur onartutako kreditu aldaketarekin izapidetzen ari diren eskaerei erantzutea dute asmo.
Datorren urtean progamara atxiki nahi dutenentzako eskabideak aurkezteko epe zehatz bat ezarriko dutela aurreratu du udalak. Bide horretan, diru laguntza horiek zertarako eska daitezkeen gogoratu du udalak. Hona hemen azalpenak, hitzez hitz:
1. ildoa – Irisgarritasuna hobetzea.
1.1 Jarduketak bizitegi-eraikinetan: Obrak egitea igogailu bat lehen aldiz instalatzeko, obrak egitea instalatuta dagoen igogailu baten bidezko ibilbidea guztiz irisgarri egiteko kaletik etxebizitza guztietara edo obrak egitea pasabideak edo ateak egokitzeko (zabalera, norabidea…) eta/edo beharrezko mekanismoak edo elementuak instalatzeko. Barruan sartuta daude, halaber, etxeetan edota merkataritzako establezimenduetan egin beharreko jarduketak.
2. ildoa – Efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak.
2.1 Jarduketak bizitegi-eraikinetan, hala nola eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko lanak, eraikinen inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketak egiteko proiektu teknikoak edo autokontsumorako energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioak. Barruan sartuta daude, halaber, etxeetan edota merkataritzako establezimenduetan egin beharreko jarduketak: galdarak berritzea, berotzeko edo hozteko instalazioak hobetzea, etab.
3. ildoa – Egitura birgaitzeko jarduketak.
3.1 Egitura birgaitzeko obrak eta egitura birgaitzeko proiektu teknikoak.