«Erreferente ez zurien falta handi bat dago euskal haur literaturan»
‘Familian asko gara’ ipuina kaleratu du Ara! Gorputz elkarteak. Bizipen errealetik abiatuta, Alazne E. Iparragirre idazleak familia eredu ezberdinak islatu ditu, haur arrazializatu bat protagonista izanda.
Jada kalean da zuen lehen ipuina. Nondik abiatu zarete ipuin hau sortzeko?
ALAZNE E. IPARRAGIRRE: Liburu honen oinarria gure bizitza da. Ni ama zuri bat naiz, emakume zuri bat, eta ume arrazializatu bat daukat. Hori horrela, momentu batean konturatu ginen berarentzako ipuinak edo panpinak bilatzen ari ginela, ez genuela ezer topatzen bere ezaugarri fisikoekin. Bai Irungo, bai Donostiako eta zapaltzen genituen hiri eta herri guztietako liburutegi eta jostailu dendak arakatu ondoren, ez genuen ezer topatu. Erreferente ez zurien falta handi bat dago euskal haur literaturan. Panpinen inguruan badago zertxobait gehiago, orain ari dira sortzen panpina ez zuriak, hazpegi asiarrak dituztenak edota beltzak, baina oraindik asko falta da.
Euskarazko haur literaturan, aldiz, ez dago ezer. Behin, jostailu denda batetik atera ginen nahiko frustratuta izan genuen erantzuna izan zelako nahiko desatsegina bertan lanean zegoen pertsonaren partetik, eta atera ginenean erabaki genuen amorru eta frustrazio hori zerbait on bihurtzea gizartearentzako.
Prozesuan ideia aldatu duzue?
IPARRAGIRRE: Hasierako ideia izan zen ipuin deskriptibo bat egitea, baina bere horretan ipuinak izan du transformazio bat. Errepikatu nahi dut gure bizitzetan oinarrituta dagoela, eta narratiba bat hartu zuela hortik. Irudikatu nahi genuena ez zen bakarrik ume arrazializatuak protagonista izatearen garrantzia, baizik eta familia eredu ezberdinak islatzea baita ere. Gure inguruan ditugunak. Literatura eta kultura bera oso garrantzitsuak dira haurren autoestimuan. Beraien hazpegi berdinak dituztenak ikusten dituztenean erreferente gisa, beraien gaitasunak garatzen dituzte bere osotasunean. Helburu ezberdinekin sortu dugun ipuin bat da. Batetik, guraso, familia eta haurren arteko ezberdintasun fisikoak ohikoak direla azaleratu nahi genuen. Bestetik, zaintza sare anitzak bermatzea izan da asmoa, familia nuklear hegemonikotik at.
Berrikuspen interraziala, zergatik?
IPARRAGIRRE: Ipuina sortu dugunak hiru emakume zuri gara. Orduan, nahiz eta nire semea arrazializalizatua izan, gure perspektiba zuria pribilegioduna da. Funtsezkotzat jo genuen Wayra Mujeres Migradas elkarteak berrikuspen hori pasatzea.
IONE F. ZABALETA: Ara! Gorputzen perspektibatik erantzungo diot galdera horri. Orokorrean egiten ditugun lan guztiak abiatzen dira gure beharrizan batetik, gurea edo indibiduala, edo kolektiboa. Hortik hasi ginen hilekoaren eta ginekologiaren ildotik lan egiten, eta hortik ere bizitza onaren aldeko apustua egin dugu, bai kanpora eta bai barrura. Eta, hortik ere ikusi genuen Alazne, Ara! Gorputzeko bazkide kolaboratzaile eta gure lagun nahiz familiako kide denez, gure behar horri ere erantzuteko apustua egin nahi genuela. Autogestioan sinesten dugu, eta behar baten aurrean egiten duguna da guk sortu, gure baliabideekin, behar dugun alternatiba.
IPARRAGIRRE: Argi utzi nahi duguna da proiektua bera kolektiboa izan dela. Ekarpen asko izan ditu eta kontrazalean agertzen ez diren asko izan dira parte, Ertzak elkartea, adibidez.
Orain aurre-salmenta fasean zaudete. Zer moduz doa?
ZABALETA: Prozesuaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta izan da. Halere, gure aldetik jarritako lana, energia, eta energia emozionala oso handia izan da. Orain baditugu ale batzuk banatzen ari garenak erakunde publikoetan, eskoletan, liburutegietan eta bestelakoetan. Hurrengo edizio bat atera nahi dugu, baina horretarako dirua bildu behar dugu, aspaldi geratu ginelako dirurik gabe proiektu honekin jarraitzeko. Oraingoz, ale batzuk saldu ditugu, baina asko ez. Beraz, jendea animatzen dugu gurekin harremanetan jartzera info@aragorputz.eus helbide elektronikora idatziz, eta 10 euroren truke liburua eskura dezakete. Diru funtsa horrekin hurrengo edizio bat sortu nahi dugu, eta erosi dutenei liburua banatu. Labore Txingudiren egoitzan jarriko dugu salgai.
IPARRAGIRRE: Guretzat garrantzitsua da ipuina Euskal Herriko ume guztiek irakurri ahal izatea. Hurrengo belaunaldiak etorkizunerako bakean eta tolerantzian eta aniztasunean nahi badugu bizitzea, horrelako materiala egon behar da gure eskoletan, egon behar da gure etxeetan.
Sortzailea: Ara!Gorputz.
Gidoia: Alazne E. Iparragirre.
Maketatzailea eta ilustratzailea: Oihane B. Muñoz.
36 orrialde.