Cuetara: "Une onean gaude, baina hau hasi besterik ez da egin"
Bidasoa Irunek Errioxan jokatuko du bihar Logroñoren aurka, 19:00etan. Irundarrak daramaten bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko dira.
Bidasoa Irun une gozoa bizitzen ari da, eta daraman bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko da bihar Errioxan. Irundarrek Asobal Ligako bederatzigarren postuan den Logroñoren aurka jokatuko dute, 19:00etan. Jokoan izan diren sei puntuetatik hiru lortu dituzte errioxarrek, baina talde handia dira. Iaz, esaterako, hirugarren postuan bukatu zuten Asobal Liga, Bidasoaren aurretik, eta Europa Ligan jokatuko dute beste behin. Bidasoarrak, aldiz, sailkapeneko bigarren postuan dira bost punturekin, eta galdu gabe dira oraindik.
Jacobo Cuetarak partida “zaila” aurreikusi du, eta ziur da errioxarrak Europako postuen lehian izango direla: “Norgehiagoka polita izango da, ikuskizun onekoa, eta guretzat eta beraientzat oso partida zaila izango da. Zelairik zailenetakoa da, eta Logroño aurkaririk onenetakoa, aurkari zuzena izango baita Europako postuen lehian. Talde ona egin dute, aurreko denboraldietako taldearen egituraren oinarriekin jarraitzen dute eta, gainera, fitxaketa onak egin dituzte, batez ere atean. Goian egongo den taldea da”.
Bidasoak bikain hasi du aurtengo liga, eta Cuetarak bide beretik jarraitu nahi du: “Une onean gaude, baina hau hasi besterik ez da egin. Lehiakorrak izaten ari gara, taldea oso positiboa izaten ari da lehiaketaren ezbeharren aurrean, eta oso lotuta dago, ideiak oso argi ditu. Hobetzeko tarte handia dugu, jokoa ez baita maila handikoa izaten ari, eta nik uste dut mundu guztia azkar hobetuko dela”.