Zikloan aplikazioa, euskaraz hilekoaren jarraipena egiteko
Hilekoari buruzko informazioa biltzeaz gain, norberaren zikloaren jarraipena egin ahalko da. Web aplikazioa ikuspegi feminista batetik garatu dute eta jasotako informazioa ikerketa feministetarako erabili nahi dute.
Iametzak eta Ara! Gorputz elkarteek Zikloan izeneko web aplikazioa sortu dute hilekoaren jarraipena egiteko eta ezagutza zabaltzeko. Euskara hutsean dago aplikazioa eta elkarteek azaldu dutenez norberaren zikloaren jarraipena egin ahal izateko funtzionalitateak ditu.
Sortzaileek azaldu dute bertan biltzen dituzten datuak ikerketa feministak egiteko helburuarekin soilik erabiliko dituztela. “Datuak etorkizunean hilerokoaren inguruan egin daitezkeen ikerketa feministetarako soilik baliatuko dira, modu anonimoan, aplikazioan izena ematen dutenek horretarako baimena ematen badute”.
Hilekoaren jarraipena egiteko aplikazio asko daude egun, baina Iametzak ikertu du horietako bakar bat ere ez dela euskarazkoa. Hartara, bi elkarteek Zikloan proiektuari ekitea erabaki zuten. Gainera, aplikazioak hilerokoaren jarraipena egiteko balio izateaz gain, norbere zikloaren gaineko ezagutza zabaltzeko baliagarria izango dela ziur dira sortzaileak. “Norberaren gorputza hobeto ezagutzeko funtzionalitate desberdinak” ditu.
Funtzioetako bat zikloaren egun kopura erregistratzeko aukera da, irregulartasun posibleak detektatzeko; edo zikloko egun desberdinetan norberak antzematen dituen seinaleak erregistratzeko funtzionalitatea dauka (fluxu jarioa, emozioak, ondoeza, energia eta portaera aldaketak).
Ara! Gorputzeko Enara I. Dominguezek uste du hilekoa baliagarria dela “feminismoaren hainbat aldarrikapen egiteko” eta aplikazioa ikuspegi feminista batetik garatu dutela azaldu du. “Hilekoaren Aurreko Sindromea asmakizun bat da, ez baita gaixotasun bat, ez hilekoaren fase bat ere. Emakume* bakoitzak hilekoa modu desberdinean bizi du. Horregatik, Zikloanek ez du Hilekoaren Aurreko Sindromearen faseari buruz hitz egiten, ezta emozio positibo edo negatiboei buruz ere, sentipenen inguruko balorazioak pertsona bakoitzarenak baitira. Era berean, aplikazioan emakume hitza erabiltzen dugu, baina jakin badakigu, hilekoa daukaten gizonak badaudela eta hilekoa ez daukaten emakumeak ere”.