Txingudi Errugbi taldeko seniorrak, zelaietara
Asteburu honetan seniorrek denboraldiko lehen partida ofizialak jokatuko dituzte. Horrez gain, 18 eta 16 urtez azpikoek ere hitzorduak dituzte.
Uda eta deskantsu egunak igaro dira eta Txingudi Errugbi taldeak lanari ekin dio. Igande honetan bere bi senior taldeak hasiko dira partiduak jokatzen, biak ala biak kanpoko zelaietan.
Alde batetik, emakumeek lehen partida ofiziala jokatuko dute 11:00etan, Zornotzako Larrea kiroldegian, Elorrio-Urgozo taldearen aurka. Bizkaiko taldeak iaz egin zuen debuta eta hirugarren sailkatu ziren euskal ligako bigarren mailan. “Ez da aurkari erraza izango” dio klubak. Dena den, baikor agertu dira, baja gutxirekin joango direlako eta gogoz.
Gizonak, aldiz, Iruñera joango dira haien lehen partida jokatzera La Unicaren bigarren taldearekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoko zelaian jokatuko dute, 11:30etatik aurrera. Iruindarrei buruz Txingudik dio urtez urte berritzen den taldea dela gazte mailetatik iristen zaizkion jokalariekin, eta horregatik “lehia gogorra” izango dutela argi dute.
18, 16 eta 14 urtez azpikoak
Gazte mailetan 18 urtez azpikoak arituko dira larunbat honetan jokatzen eta Gernikara joango dira eta 11:30ean hasiko duten partidara. Bestetik, 14 urtez azpikoek Gipuzkoako zazpiko errugbiko txapelketa etxean hasiko dute larunbatean ere, 09:30ean. Bi talde zelairatuko ditu lehiaketa honetan eta Bera Beraren eta Hernani-Atletikoren beste bina talde izango ditu aurrean. Aldiz, 16 urtez azpikoek atsedenaldia izango dute.