Real Union, Federazio Kopatik at
Txuri-beltzek final hamaseirenetako kanporaketako partida galdu zuten bart Marino de Luancoren kontra (2-1), eta Federazio Kopari agur esateaz gain, Espainiako Kopan jokatzeko aukerak ere galdu dituzte.
Real Unionek agur esan dio Federazio Kopari. Txuri-beltzek 2-1 galdu zuten final hamaseirenetako kanporaketan Marino de Luancoren kontra, eta txapelketatik at geratu dira. Federazio Kopan eliminatzeaz gain, irundarrek ere agur esan diote Espainiako Kopa jokatzeko aukerari. Federazio Kopan finalerdietarako sailkatzen diren lau taldeek ziurtatuta dute Espainiako Kopan aritzea. Real Unionek bide horretatik lortu zuen iaz txapelketa horretan jokatzea. Aurten, baina, ez dute parte hartzea errepikatuko.
Asturiarrak lehen zatian aurreratu ziren Guayaren gol bat esker, eta Real Union atzetik iritsi zen atsedenaldira. Markagailua irauli beharra zuen atsedenalditik bueltan Federazio Kopan aurrera egiteko. Bigarren zatian, irundarrak jaun eta jabe izan ziren berdegunean. Txuri-beltzek hainbat aukera izan zituzten berdinketaren gola sartzeko, baina etxeko taldea izan zen saria lortu zuena, 78. minutuan Cesarrek Marino de Luancoren bigarren gola sartu baitzuen.
Une horretan, Real Unioni maldan gora jarri zitzaion kanporaketa, baina 81. minutuan Azkuek aldea murriztu zuen 2-1ekoa sartuz. Esperantza bazegoen oraindik, baina txuri-beltzek ezin izan zuten markagailua irauli eta Federazio Kopatik at geratu dira.
Egutegiak, baina, ez du etenik, eta irundarrek ligan zentratu beharko dute orain. Denboraldi hasiera bikaina osatu dute, eta bide horretan jarraitu nahi dute Fran Justoren mutilek. Igandean ligako seigarren neurketa jokatuko dute Salamancan Unionistasen aurka, 18:00etan.