Irungo Elkarrekin ez dago udal gobernuak zergak igotzearen alde
Zerga kargak "modu bidezkoan" birbanatzea eta tasak izoztuta mantentzearen aldeko politikak eskatu ditu koalizio moreak. Biharko osoko bilkuran eztabaidatuko dute zerga eta tasen igoera.
Bihar izango da osoko bilkura eta Irungo Elkarrekin Podemos koalizioak aurreratu du tasak eta zergak igotzeko asmoaz hitz egingo dutela ostiraleko saioan. 2020tik 2023ra egon dira moreak udal gobernuan eta garai horietan izoztuta egon dira tasak eta zergak eta, orain, ez dagoela “inolako egoera berezirik” tasak igotzeko salatu dute.
Irungo PSE-EEk Donostiarekin alderatzen duela hiriko ekonomia dio koalizio moreak eta “harrigarria” zaie. “Batez besteko errenta 26.395 eurokoa da Donostian, eta Irunen, berriz, 20.000 euro ingurukoa”. Lehen urratsa tasak izoztuta mantentzea dela ziur dira, eta hurrengo pausua politika aurrerakoiena dela diote, “zerga kargak modu bidezkoan birbanatuz”.
Gainera, Euskadiko batez besteko soldaten ahalmena %4,7 jaitsi zela 2022an diote, “ordainsariak igo ziren arren, kontsumorako prezioen igoera handiagoa izan baitzen urte horretan”. Herritarrek “esfortzu izugarria” egin behar dutela hainbat gasturi aurre egiteko azaldu du David Nuño Elkarrekineko bozeramaileak, esate baterako, gas, argia eta uraren gastuak.
Horrez gain, pertsona bakoitzaren baliabide ekonomikoen %30 alokairua edo hipoteka ordaintzeko erabiltzen dela deitoratu dute, baita salatu ere etxebizitzak jasaten duen burbuila inmobiliario eta espekulatibo handia. Bide horretan, iraileko udalbatzan onartutako tenkatutako hirien deklarazioa aplikatzeko eskatu du Nuñok.
Inflazio krisia dela eta sortutako egungo egoera sozial eta ekonomikoak Irungo herritarrak ez itotzeko euste-horma bat diseinatzearen beharra dagoela uste du koalizioak. “Gure taldea tasa eta zerga orokorrak igotzearen aurka dago” adierazi du Nuñok. “Uste dugu birbanaketa formulak badaudela biztanleriari kalterik ez egiteko eta politika publikoak egin ahal izateko diru sarrerak mantentzeko”.
Planteatzen dituzten formulak honako hauek dira, hitzez hitz:
- 50.000 €-ko errenta gainditzen duten familiei edo pertsonei eta milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresei zergen igoera kargatzea.
- Energia elektrikoa, gasa eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioen tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboaren edo aprobetxamendu bereziaren tasa ezartzea, aurreko agintaldian gure taldeak martxan jarri nahi izan zuena.
- Etxebizitza hutsen kanona ezartzea eta OHZ (ondasun higiezinen gaineko zerga) handitzea hainbat etxebizitza dituzten eta alokairuan jartzen ez dituztenei.
- Tasa turistiko bat ezartzea.