2024ko Euskal Herriko Itzulia Irunen hasiko da
Txirrindularitza lasterketaren 63. ekitaldia 2024ko apirilaren 1etik 6ra izango da, eta lehen bi etapetan Irun izango da protagonista. Lehen etapan 10 kilometroko erlojupekoa osatuko dute txirrindulariek Irunen, eta bigarren etapa ere hiritik aterako da.
Itzulia Basque Country txirrindularitza lasterketaren 63. ekitaldia Irunen hasiko da. Nazioarteko egutegian Euskal Herriko lasterketa onena da Donostiako Klasikoarekin batera, bi lasterketak Txirrindularitzako Lehen Mailako probak baitira, eta horietako baten irteera nagusia Irunek jasoko du. 2024ko Itzulia apirilaren 1etik 6ra lehiatuko da, eta lehen bi etapetan, apirilaren 1ean eta 2an, Irungo hiria izango da protagonista argia. Lasterketa horrek Irun mapan kokatuko du beste behin, eta Itzuliaren lehen etaparen aurkezpena egin dute gaur goizean Jose Antonio Santano alkateak, Borja Olazabal Kirol zinegotziak eta Julian Eraso OCETA-ko presidenteak.
2024ko irteera nagusiarekin, Itzulia Irunera iritsiko da urte luzeko etenaldi baten ondoren. Lasterketa 2006an iritsi zen azkenekoz hirira, eta Alejandro Valverde txirrindulariak irabazi zuen Kolon hiribideko esprinta. Valverderen pare, aurten ere pelotoiko txirrindulari onenak izango dira Irunen. Goi mailako txirrindularitza itzuliko da hirira.
Lehen etapa 10 kilometroko erlojupeko bat izango da, eta Julian Eraso antolatzaileak lehen etapa horren xehetasunak eman ditu. Apirilaren 1ean izango da, Pazko asteko astelehenean. Txirrindulariak Luis Marianotik irtengo dira, eta Landetxa auzora joko dute. Bertatik Olaberria auzora joango dira, eta San Martzial kaleko aldapa igo ondoren, San Juan plazan bukatuko da ibilbidea, Irungo udaletxearen aurrean. Podiuma ere plazan kokatuko dute, eta bertan banatuko dira lasterketaren sariak eta lehen elastikoak.
Luis Marianoko irteeran 25 talde izango dira, Lehen Mailako 18 taldeak eta antolakuntzak gonbidatuko dituen 7. Erasok aurreratu du “munduko talde eta txirrindulari onenak” bilduko direla Irunen, eta horrek “ikuskizuna” ekarriko duela. Talde parte hartzaileen autobusak Kolon hiribidean aparkatuko dituzte, eta Erasok jakinarazi du Koloneko zonaldea jendearentzako irekia egongo dela. Zaleek txirrindulariak bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte.
Erlojupekoaren zirkuitua Juanma Garate txirrindulari ohiarekin eta Education First taldeko zuzendariarekin batera osatu dutela adierazi dute Santanok, Olazabalek eta Erasok. Horrek “bermen handia” ematen duela gaineratu dute, ingurua ezagutzen baitu. Garate irundarra da jaiotzez, eta lehen etapa harekin batera diseinatu dute antolatzaileek, elkarlanean.
Lehen etapaz gain, Irunek ere bigarren etaparen irteera jasoko du apirilaren 2an. Pelotoia Ficobatik aterako da, gune hori baita espazio handiena duena. Irteera neutralizatua Irungo kaleetan barrena izango dela nabarmendu du Erasok, hortaz, hiria ere protagonista bilakatuko da bigarren etapan. Bigarren etapa horren ibilbidea ez dute aurreratu, gainontzeko etapak aurrerago aurkeztuko baitituzte. Hala ere, Erasok jakinarazi du datorren urteko Itzulia Eibarren bukatuko dela apirilaren 6an.
Garrantzia hiriarentzat
Jose Antonio Santano alkateak Itzulia Basque Country lasterketako antolakuntzari “Irunengatik egin duen apustua” eskertu dio. Santanok gogorarazi du Irun “ekitaldien hiri bezala” definitzen dutela, eta “erreferentziazko” hiria izan nahi dutela Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Itzulia bezalako lasterketekin hori lor dezakete.
Irungo alkatea ziur da tankera horretako kirol proben eskutik helburu bikoitza lortzen dutela. Alde batetik, Irun mapan “hobeto” kokatzen duela esan du, Itzulia txirrindularitzako proba “handienetakoa” baita, eta Irunek kirolarekiko, kulturarekiko eta ekitaldi handiekiko apustua egiten jarraitu nahi duela zehaztu du. Bestalde, zaleei “poztasuna” eman nahi dietela nabarmendu du. Santanok oroitarazi du Irunen urte osoan lanean dabiltzan txirrindularitza klubak daudela, eta Itzulia bezalako iniziatibek “laguntzen” dutela, beren hirian “ekitaldi handi batez” gozatuko baitute.
Borja Olazabal alkatearen ildotik mintzatu da, eta adierazi du hiri bat “asko hazten” dela horrelako ekitaldiak daudenean. “Giroa dago, eta Irun mapan kokatzen du. Itzulia proba handienetako da mundu mailan, ikuskizun handi bizituko dugu”, esan du.