Udal aldizkaria, Bidasoa ibaira begira
Irundarrek udal aldizkariaren 104. alea jaso dute, aurtengo hirugarrena. Bidasoa ibaiaren ertzean sortu den begiratoki berria darama azalean.
Irungo 20.000 etxek baino gehiagok udal aldizkariaren 104. alea jaso dute. Aurtengo hirugarren alea da honakoa, eta Bidasoa ibaiaren ertzean sortu den begiratoki berria agertzen da azalean.
Ibaia da, hain zuzen, 104. zenbakiaren edukien protagonista. Ale berriak Bidasoaren ibaiertza berreskuratzeko martxan dauden proiektuen errepasoa egiten du; besteak beste, begiratoki berria eta Artiako ubidearen birnaturalizazioa azaltzen ditu.
Aldizkarian, gainera, gai zerrenda zabal bat jorratu dute: irristatze kiroletan egin diren azken jarduerak (Kateako pumptruck-a eta Martindozenearen ondoko skate-parkaren modulua) edo udan Irunen egin diren ekitaldien irudi bilduma bat (Euskal Jira eta Frantziako Tourra). Horrez gain, landu dituzten beste bi gai nabarmendu dituzte: ‘Irun Hiria’ Musika Bandaren 50. urteurrenari buruzko erreportajea eta tokiko merkataritzaren aldeko irun.market plataformako deskontu kanpainari buruzko informazio guztia.
Gainontzekoan, ohiko atalak aurki daitezke ale berrian: udal taldeentzako tribuna irekia edo Barrutik atala, KZ guneari eskaini diotena. Aldizkaria paperean jasotzeaz gain, Irungo Udalaren webgunetik ere deskarga daiteke.