Mankomunitateak batzar berria eratu du
Irun eta Hondarribiko udaletako hamabi ordezkari izango ditu mankomunitateak. Santanok lehendakari izaten segituko du, eta Igor Enparan izango da lehendakariorde berria.
Atzo, Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko Batzarrak bilera egin zuen mankomunitateko ordezkarien batzar berria osatzeko, eta lehendakari eta lehendakariorde berriak hautatzeko. Hala, Jose Antonio Santanok eutsi dio lehendakaritzari eta Igor Enparan izango da lehendakariorde berria.
Guztira hamabi ordezkari izango ditu mankomunitateak, Irun eta Hondarribiak beren aldetik hautatutako ordezkariekin. Hautaketa bozketa bidez egin da: Iruni 80 boto dagozkio, eta Hondarribiari, aldiz, 20 boto.
Esleipena udal talde bakoitzeko zinegotzi kopuruarekiko zuzenki proportzionala izan dela azaldu du mankomunitateak, eta esleitu beharreko boto guztien herena edo gehiago duten taldeen kasuan, talde horrek gehienez hiru kideren artean banatu ahal izan ditu botoak.
Irungo PSE-EEk hiru ordezkaritza izango ditu, eta udalbatza osatzen duten gainontzeko alderdiei ordezkari bana egokitu zaie. Hondarribian Abotsanitzek bi ordezkari hautatu ahal izan ditu, eta udalbatza osatzen duten beste alderdiek ordezkari bana izango dute mankomunitateko batzarrean.
Batzarra horrela osatu dute:
● Lehendakaria: Jose Antonio Santano Clavero (Irun)
● Lehendakariordea: Igor Enparan Araneta (Hondarribia)
● Batzordekidea: Miguel Angel Paez Eskamendi (Irun)
● Batzordekidea: Borja Olazabal Toro (Irun)
● Batzordekidea: Gorka Alvarez Aranburu (Irun)
● Batzordekidea: Oihana Briones Aramendi (Irun)
● Batzordekidea: David Nuño Garcia (Irun)
● Batzordekidea: Iñigo Manrique Cia (Irun)
● Batzordekidea: Ortzi Alonso Murelaga (Hondarribia)
● Batzordekidea: Gonzalo Carrion Insausti (Hondarribia)
● Batzordekidea: Maria Noemi Odriozola Pascual (Hondarribia)
● Batzordekidea: Garoa Lekuona Izeta (Hondarribia)
Lehendakari izateko Santano izan da aurkeztu den bakarra, eta izendapena lortu du bozketan aldeko 64 boto jasota eta 29 abstentzio. Hautagai bakarra aurkeztu da ere lehendakariorde izateko: Igor Enparan. Bozketan, aldeko 58 boto eta 35 abstentzio lortu ditu, beraz, lehendakariorde izendatu dute.
Irungo alkateak adierazi du “kolore politikoak” alda daitezkeela, baina “Irungo eta Hondarribiko alkateok batasuna mantendu” nahi dutela. “Beti bilatu dugu adostasuna. Honek guztiak funtziona dezan, bi udalen arteko sintonia, elkarrizketa eta elkarguneak egon behar dira. Horrela jarraituko dugu, uste baitut herritarrak horixe eskatzen ari zaizkigula “
Bestetik, Igor Enparan lehendakariorde berriak Santano zoriondu, eta eskerrak eman dizkie batzarkideei “eskaini diguten konfiantzagatik”. Apustua aspalditik datorrela azaldu du, eta apustu hori “jarraitutasunaren baieztapena, herritarrentzat funtsezkoak diren hainbat zerbitzu izateko” dela adierazi du. Enparan: “Lan nekeza dugu aurretik, zerbitzuak oinarrizkoak eta funtsezkoak direlako, bai eskaintzen ari garen saneamenduaren kalitateari dagokionez, bai hondakinen bilketa eta tratamenduari dagokionez ere, eta hori erronka garrantzitsua da klima aldaketaren testuinguruan. Ziur gaude Hondarribiko herritarren etorkizuna modu jasangarriagoan lantzen eta jorratzen jarraitu behar dugula “.