Irungo aisialdi antolatua euskaraz nahi dute
2020-2021 ikasturtean Guraso Elkarteek eskaera bateratu bat egin zioten udalari aisialdi antolatua euskaraz izan dadin urratsak emateko. Helburu hori egikaritzeko, denon bultzada behar dutela nabarmendu dute.
2020-2021 ikasturtean Irungo ikastetxe publikoetako Guraso Elkarte guztiek eskaera bateratu bat egin zioten Irungo Udalari Irungo haur eta gazteentzako aisialdi antolatua euskaraz izan dadin urratsak emateko.
Eskaera horren harira, bi lorpen nabarmendu dituzte. Alde batetik, 2021-2022 ikasturtean udalak ‘Kalean Bai‘ programa jarri zuen martxan berriro. Egitasmo horrek aisialdi antolatuan euskara sustatzea du helburu. Bestalde, 2022-2023 ikasturtean, Irungo kiroldegien enpresa berriarekin sinatutako pleguek honakoa diotela adierazi dute: “16 urtetik beherakoentzako ikastaroak euskaraz izango dira, eta 16 urtetik gorakoenak ere bai, erdiak edo gehiagok ‘euskaraz’ edota ‘euskaraz eta erdaraz’ eskatuz gero”.
Lorpen horiek nabarmendu arren, egoera bestelakoa dela salatu dute. ‘Kalean Bai’ programari dagokionean, “konpromiso zehatzik” ezartzen ez duela jakinarazi dute, ezta “inolako betebeharrik” eskatzen ere: “Oro har, ez dirudi klub eta elkarteek aurrerapauso esanguratsuak eman dituztenik orain arte. Salbuespena Real Union kluba izan da, Euskara Plana diseinatu baitu”. Kiroldegietako ikastaroei erreparatuz, adierazi dute badirudiela igeriketa ikastaroak euskaraz ematen hasi direla. Helduen kasuan, aldiz, kontua “zalantzagarriagoa” dela baietsi dute.
Irunen bizi den aisialdiaren egoera kontuan hartuta, aisialdi antolatuan “benetako urratsak” ematen has daitezen da lortu nahi dutena. Erronka hori egikaritzeko, “denon bultzada” behar dutela azpimarratu dute. “Modu batera edo bestera” bere “aletxoa” jarri nahi duenak inprimaki bat bete dezake, eta elkarteko kideak pertsona horrekin harremanetan jarriko dira.
Lortu nahi duten beste erronka bat da “lortutako urratsak” betetzen direla zaintzea. Hitzartutako neurriak betetzen ez badira, Behatokian edo Elebiden kexa jar daitekeela jakinarazi dute. Horrez gain, helbide elektronikoa ahalbidetu dute gaia elkarrekin landu eta bideratzeko. Argibide gehiagorako, interesdunek posta elektronikora idatz dezakete.