Gal inguruko oinezkoen bideak eta argiztapena hobetuko dira
Irungo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarraren ohiko bilkuran hartu da erabakia, auzotarrek egindako eskaerei erantzunez.
Irungo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak ohiko bilkura egin eta hartutako azken erabakien berri eman du. Neurri horien artean bat nabarmendu dute, auzotarrek egindako eskaerei erantzuten diena: Gal estadio inguruko oinezkoen bideak eta argiztapena hobetzeko kontratazioa onartu dute, 172.638,11 euroko gehieneko aurrekontuarekin, BEZa barne.
Jarduketen muina espaloiak hobetzea izango da. Horretarako, estuegiak diren puntuetan zabaldu egingo dira, zoladurarik gabeko zatietan zoladura jarriko da eta espaloi berriak eraikiko dira egun oinezkoentzako ibilbide osatu gabeak dituzten eremuetan.
Espaloiak hobetzeaz gain, oinezkoen bideetako argiztapena ere aldatuko da, eta konponketak egingo dituzte futbol zelaiaren perimetroko urbanizazioan. Eraikita dauden oinezkoentzako bideetan eta egingo diren berrietan hobetuko da argiztapena.
Galen ekialdeko espaloian argi puntu gehiago instalatuko dira, eremu horretako espaloi zabaldua argiztatzeko, guztiz argiztatuta geratu arte estadioaren ekialdeko aldea eta kanal ondoko bidegorria lotzen dituen bidea.
Horrez gain, argi puntu berriak jarriko dira Gal eta Iparralde hiribidea lotuko dituen espaloi berrian, eta Kostorbealde kaleko eta futbol zelaiaren hegoaldeko argiztapena hobetuko da. Bestalde, argi puntu berri batzuk instalatuko dira estadioko mendebaldeko ibilgailuentzako sarbidean, zona horretan eraikiko den hormigoizko espaloia hobeto argiztatzeko.