Elkarrekinek berdintasun mahaia martxan jartzea eskatu du
Koalizio moreak beharrezkotzat jo du berdintasun mahaia lehenbailehen eratzea hiriko kolektibo feministekin lankidetzan jarraitzeko.
Irungo Udalaren funtzionamendua eta gobernua eratu zenean, gauza bera egin zen informazio batzordeekin. Elkarrekin Irunek jakinarazi du informazio batzordeak kolektiboen eta korporazioko ordezkarien artean partekatutako guneak direla, eta bertan galderak eta eskaerak egiteko aukera dagoela.
Hala ere, Gizarte Ongizateko hainbat batzorde osatu badira ere, Elkarrekinek deitoratu du oraindik ez dela martxan jarri berdintasunerako mahaia. Batzorde hori hiriko kolektibo feministekin informatzeko eta lankidetzan aritzeko gune bat da. “Ez dakigu gobernu sozialistak ez ote duen berdintasun mahaia martxan jarri denbora faltagatik edo kolektibo horiei aurre egitea ahalik eta gehien luzatzeagatik, mahai gainean konponbiderik ematen jakin ez duen gai handiak izanda”, esan du David Nuño Elkarrekin koalizioko udal bozeramaileak.
Gai handi horien artean, bi nabarmendu ditu Nuñok: alardea eta Emakumeen Etxea. Alardeari dagokionean, Nuñok gogorarazi du aurreko legegintzaldian V. Berdintasun Plana idatzi zutela datozen bost urteetan eman beharreko urratsak azaltzen dituena eta “utzikeriaz jokatzen ez duena”. Planaren diagnostikoak eta Emakundek landu behar den puntu bat jasotzen du: alardea.
Bestalde, Emakumeen Etxearen proiektua aurreko legegintzaldian landu zuten beste gaietako bat dela oroitarazi du Nuñok. Koalizioko udal bozeramaileak adierazi du oraindik definitzeko dagoela Emakumeen Etxea Elkartearekiko kudeaketa-hitzarmena. Nuñok nabarmendu du gobernu sozialistak “zirriborroak eta negoziazioak” egin dituela elkartearekin, “baina ez die informaziorik eman gainerako udal taldeei”.
Bi gai esanguratsu horiek direla eta, Elkarrekinek azpimarratu du “lehenbailehen” jarri behar dela martxan berdintasunerako mahaia, “Irungo kolektibo feministekin lankidetzan jarraitu ahal izateko”. Batzorde hori eratua ez dagoenez, koalizio moreak baietsi du eraso bat gaitzesteko azken elkarretaratzean ez zela “Osoko Bilkuran onartutako protokoloa bete”, eta herritarrei ez zitzaiela elkarretaratze horren berri “behar bezala” eman.
Nuñok esan du ez duela ulertzen zergatik ez den betetzen maiatzera arte egiten zen prozesua: “Zoritxarrez, berriro ikusi genuen udalaren gaitzespen pankarta, gainerako kolektiboen laguntzarik gabe. Gobernu sozialistak ondo zekien protokoloak mola funtzionatzen duen, baina ez dituzte etxeko lanak garaiz egin. Hain gai garrantzitsuetan, udalak eta kolektiboek elkar hartu behar dute. Espero dezagun berehala jardutea, deskonexioaren irudi bera berriro eman ez dadin, eta hori berdintasunerako mahaia ahalik eta lasterren martxan jartzea da”.