Cuetara: "Emaitza handiak lortu ditugu eta ildo horretan jarraitu behar dugu"
Liga hasiera bikaina osatu duten bi talderen arteko partida jokatuko da bihar Artalekun, 20:00etan: Bidasoa eta Valladolid nor baino nor arituko dira garaipena helburu.
Bidasoa Irunek Asobal Ligako hirugarren jardunaldia irekiko du bihar (ostirala) Artalekun Recoletas Atletico Valladolid taldearen aurka, 20:00etan. Bidasoarrek bide onetik hasi dute aurtengo denboraldia, Bartzelona handiaren kontra berdindu ondoren, garaipena lortu baitzuten Torrelavegan bigarren partidan. Biharko aurkarien hasiera ere bikaina izan da, jokatutako bi neurketak irabazi dituen talde bakarra baita, ez dute punturik bidean utzi orain arteko partidetan.
Norgehiagokaren atarian, Valladolid “une onean” dagoela esan du Jacobo Cuetarak, eta honakoa adierazi du biharko aurkariaren inguruan: “Sailkapenean bigarren daude, bi partidak irabazi dituzten eta punturik utzi ez duten talde bakarra dira. Sasoi onean daude, ondo irabazi dute, ondo jokatzen ari dira eta horrela hartzen dituzunean oso partida gogorrak izaten dira, lehiatuak, zailak eta konplexutasun jakin batzuekin”.
Bidasoarren liga hasiera aparta izan arren, Cuetarak argi du “partida on bat” egin beharko dutela garaipena Artalekun geratzea nahi badute: “Aurreko bi partidetan emaitza onak lortu izanak, Bidasoaren elastikoa janzteak edo Artalekun jokatzeak ez du garaipenik ematen. Asobal Liga oso parekatua dago, eta partida ona egin beharko dugu, mundu guztiak ken baititzake puntuak. Oso ondo jokatu behar duzu eskubaloian, maila oso onean edozein talderen aurka, partzial batean buelta eman baitezakete. Denok utziko ditugu puntuak. Goialdeko talde batzuek puntu bolada luzeak egingo dituzte jarraian, baina normalena bidean puntuak uztea da”.
Irundarren prestatzaileak argi du Bidasoa “aurkari zaila” dela edozein talderentzat, eta oraingoa “une egokia” dela sailkapeneko ohorezko postuetan jartzeko: “Bidasoa Irun aurkari zaila da edozein talderentzat, are gehiago zaleen laguntzarekin etxean jokatuz. Une egokia da goian jartzeko, hasiera zaila geneukalako. Gu gainerako taldeentzat garaitu beharreko aurkaria gara. Oso ondo hasi gara, nahiz eta une jakin batzuetan sendotasun falta horrekin jarraitzen dugun; baina emaitza handiak lortu ditugu eta ildo horretan jarraitu behar dugu”.