'Biziki': talde mistoetan entrenatzeko proiektua
Behobia-Donostiak eta BATek indarrak batu dituzte proiektua abiatzeko. Iniziatibaren helburua da 14 urtetik gorako pertsonentzako talde mistoko entrenamenduak eskaintzea Gipuzkoan zehar.
Behobia-Donostiak eta Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) indarrak batu dituzte ‘Biziki‘ proiektua abiatzeko. Iniziatiba horren helburua da 14 urtetik gorako pertsonentzako talde mistoko entrenamenduak eskaintzea Gipuzkoako hainbat txokotan, maila guztietakoak, eta batez ere emakumeei begirakoak. Entrenamendu horiek, gainera, tituludun entrenatzaileek gainbegiratuko dituzte uneoro.
BATeko kideek nabarmendu dute “taldean entrenatzea joera” bihurtu dela, kirolean hasi direnentzat eta denbora daramatenentzat, “asko” baitira batera entrenatzean lortzen diren onurak, hala nola:
- Entrenamenduetara ez joatea ez da hain ohikoa, jendea konstanteagoa da.
- Adiskidetasuna sustatzen da, elkarri lagunduz eta animatuz.
- Harreman sozial berriak sortzen dira.
- Merkeagoa da, taldeko jarduera baita.
Talde entrenamendu horietan, parte hartzaileek honakoak egingo dituztela adierazi dute BATeko kideek: gorputza indartzea, errendimendu fisikoa hobetzea, korri egiten hasteko entrenamenduak, lesioen prebentzioa, lasterketa teknikak edota koordinazio ariketak.
Horrez gain, entrenamenduetan izena ematen dutenek honako onurak izango dituzte: jarduera pertsonalizatuaren elastikoa, hileroko egonaldiak beste talde batzuekin eta kirolari eta ongizateari buruzko hitzaldiak sona handiko hizlariekin.
Taldeei dagokionean, Donostian, Irunen, Errenteria-Oreretan, Pasai Donibanen eta Gipuzkoako beste herri batzuetan talde berriak martxan jartzeko lanean ari direla jakinarazi du BATek.