Haurtxokoak ikusteko lehenengo bisita ostiralean izango da
Lapitzeko haurtxokora izango da lehenengo bisita, eta irailaren 28ra arte beste lau egingo dira.
Ostiral honetan hasiko dira Irungo bost haurtxoko ikusteko jardunaldiak. Bisita hauen bidez familiek zentroetako hezitzaileak eta zerbitzu zein instalazioak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Lehenengo bisita Lapitzeko haurtxokora izango da ostiral honetan, 17:00etatik 19:00etara.
Irailaren 28ra arte, halere, beste lau haurtxoko bisitatzeko aukera izango dute familiek:
- Kateko haurtxokoa: Irailaren 25a, 16:30etatikk 18:30era
- Palmera Monteroko Txikilab haurtxokoa: Irailaren 26a, 17:00etatik 19:00etara
- San Migeleko El Rancho haurtxokoa: Irailaren 27a, 17:00etatik 19:00etara
- Erdialdeko haurtxokoa: Irailaren 28a, 17:00etatik 19:00etara
Aurreko ikasturteetan bezala, haurtxoko hauetako jarduna bi txandatan banatuko da: lehenengoa lau urtetik zortzi urtera bitarteko haurrentzat izango da -astelehenetik ostegunera-. Bigarrena, aldiz, bederatzi urtetik hamaika urte bitartekoentzat izango da, ostiraletan.
Ikasturte berria, eskaintza berriak
Aste barruko programaz gain, ikasturte honetarako proposamen gehiago egin dituzte, eta horien artean daude larunbat goizetan eskainiko diren Familia ta Lagun eta Sormen Tailerrak programak. Hori ez da, ordea, ikasturte berrian egingo den berrikuntza bakarra, lehenengo aldiz behar bereziak dituzten haurrentzako hiru toki gordeko baitira.
Tarifei dagokienez, ikasturteko kuota orokorra 40,60 eurokoa izango da; bizikidetza unitate bereko anai-arreben kasuan, aldiz, 22,35 eurokoa. Bestalde, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten edo antzeko egoeraren batean dauden haurrek kuota orokorraren %90eko hobaria izango dute.
Azkenik, plaza eskatu eta onartu zaien familiek behin betiko izen-ematea egin eta ordaindu ahal izango dute ostiraletik irailaren 28ra bitartean, online, SAC24h zerbitzuaren bidez.