Aurrez aurreko partaidetza saioen bigarrena eta azkena egin dute
Hamar proposamenekin hasi zuten aurrez aurreko bigarren saioa, eta bozketa egin ostean hiruk egin zuten aurrera.
Astelehenean burutu zen partaidetza bidezko aurrekontuak egiteko prozesuaren aurrez aurreko bigarren eta azken saioa, eta aurrekoan bezalaxe, hiru proposamen aukeratu zituzten bertaratu ziren hogei herritar ingururen artean.
Hiria hobetzea dute helburu partaidetza saio hauek, eta eztabaida taldeek hamar proposamen burutu zituzten astelehenean, Luis Mariano zentroan. Guztiak azaldu ondoren, hiru proposamen nagusi aukeratu zituzten. Lehenengoa Lapitze auzoko 2. taldea berrurbanizatzeko proiektua izan zen. Bigarrena ere lehenengoaren antzekoa zen, baina proposamen honek Miguel de Ambulodi ingurua berrurbanizatzeko proiektua idaztea zuen helburu. Hirugarrenaren xedea, aitzitik, elkarte kulturalen diru laguntzak handitzea zen.
Parte hartze handiagoa
Herritarren Partaidetza taldeak adierazi duenaren arabera, prozesu orokorrean zein gazte prozesuan jasotako online proposamenen kopurua handiagoa izan da aurten 2022. urtearekin alderatuta: prozesu orokorrean aurten 254 proposamen jaso dituzte; iaz, aldiz, 219. Gazte prozesuaren kasuan, bestalde, iaz baino hamazazpi proposamen gehiago jaso dituzte -iaz 20; aurten, 37-.
Aurretik aurkeztutako eta zerbitzu teknikoek balioztatutako proposamenekin online bidezko aurre-bozketa bat egingo da urriaren 3an eta 4an. Prozesu horretan bozka gehien jasotzen dituzten hamar proposamenak bozketa nagusira pasako dira, eta 2024ko Aurrekontu Parte-hartzailean aukeratu ahal izango dira.
Informazio karpak
Bestalde, auzoetan parte hartzeko eta informatzeko karpak instalatuko dituztela gogorarazi du Irungo udalak. Karpa horietan prozesuen eta proposamenen informazioa emango zaie herritarrei, eta bi egunetan egongo dira: urriaren 6an 18:00etatik 20:00etara, San Migel plazan, eta urriaren 7an 11:00etatik 13:00etara, Zabaltza plazan.