Irungo udalak udako bisita gidatuen balantze positiboa egin du
Udalak adierazi duenaren arabera, udako bisita gidatu batzuk iaz baino arrakasta handiagoa izan dute.
Irungo udalak eta Bidasoa Bizirikek osatu dute udan eskaini diren bisita gidatuen programa. Miguel Angel Paez Hiri Bultzadako ordezkaria da, eta esan duenaren arabera pozik daude jendeak bisitei eman dien erantzunarekin: “Datuetatik harago, bisita horietan parte hartzen dutenengandik jasotzen dugunagatik eta haien iritziengatik animatu egingo gara Irungo uda dinamizatzen duten jarduera horiek egiten jarraitzera”.
Bidasoa Turismorekin lankidetzan orotara sei bisita eskaini dira, eta 67 pertsonek hartu dute parte -horien artean irundarrak ere egon dira-. Ibilbide hauetan zazpi geldialdi egin zituzten hirian barrena, eta horien bidez Europako historia ezagutu ahal izan dute parte hartzaileek.
Horretaz gain, uztailean eta abuztuan Junkal eliza, Oiasso inguru erromatarra, Urdanibia plaza, udaletxearen kanpoaldea eta Ama Xantalen ermitaren kanpoaldea bisitatzea helburu zituen ibilbideak ere egin dituzte, eta kasu honetan iaz baino pertsona gehiago izan zirela adierazi dute.
Azkenik, udaletxea eta haren areto garrantzitsuenak bisitatzea xede izan duen bisita gidatu bat ere antolatu dute, eta kasu honetan ere iaz baino parte hartzaile gehiago izan dira.
Azken bisita hau urte osoan zehar eskaintzen da, eta udalak dagoeneko argitaratu ditu datozen datak. Irailaren 30ean da lehenengo hitzordua, baina beteta dago dagoeneko. Aitzitik, urriaren 28an eta azaroaren 25ean egingo diren bisitetan bada apuntatzerik oraindik ere. Bisitak bi txandatan egingo dira: goizeko hamaiketan euskaraz eta eguerdiko hamabietan gaztelaniaz.
Doakoa da bisita hau, eta izena emateko 943 02 07 32 telefonora deitu behar da.