Asteklima azoka, igandean Kolonen
Azoka ibiltaria Irunen izango da igandean Igandero egitasmoarekin bat eginez, 10:00etatik 14:00etara. Helburua da herritarrak klimaren inguruan sentsibilizatzea eta mobilizatzea.
Asteklima azoka ibiltaria Irunen izango da igande honetan, hilak 24, Igandero egitasmoarekin bat eginez. Ihobek, EEEk, Udalsarea 2023ek, Ekoetxea sareak eta LIFE Urban Klima 2050 proiektuak sustatutako iniziatiba da, eta bere helburua da “klimaren inguruan sentsibilizatzea eta mobilizatzea”. Azoka ibiltaria Euskal Herriko bederatzi udalerri bisitatzen ari da, tartean Irun. Gainontzeko udalerriak Bilbo, Donostia, Gasteiz, Bermeo, Trapagaran, Bakio, Zarautz eta Azpeitia dira.
Asteklima azokak karpa batzuk jarriko ditu igandean Kolon hiribidean, 10:00etatik 14:00etara. Karpa horietan hainbat gai landuko direla jakinarazi du Irungo Udaleko Garapen Jasangarrirako arloak, besteak beste: klima aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia eta kontsumoa, Urban Klima proiektua eta nola formalizatu gizarteko gainerakoekin bat egingo duen konpromiso pertsonal bat. Xedea da familiak kontzientziatzea klima aldaketaren ondorioez eta ondorioak arintzeko eta egokitzeko keinu txikiak eginez eguneroko ohiturak egokitzeak duen garrantziaz.
Azokako karpa bakoitzak, gainera, jolasak izango ditu eguneroko bizitzako hainbat alderdiren inguruan eta horiek klima aldaketan duten eraginaren inguruan sentsibilizatzeko. Horrez gain, azokaren beste helburuetako bat da bertaratzen den pertsona bakoitzak erronka bat hartzea eta ekintzaren batekin konprometitzea. Erroka hori “errazago” betetzeko, mugikorreko aplikazio bat garatu dute pertsona bakoitzari hurrengo 21 egunetan ohiturak aldatzen laguntzeko.
Autorik gabeko eguna
Hilaren 22a, ostirala, Autorik Gabeko Nazioarteko Eguna da, eta Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astea dela eta, ostiraleko 10:00etatik 19:00etara, Kolon hiribidearen erdiko erreia soilik bizikletak, trizikloak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak ibiltzeko izango da. Alboetako bi erreiak, aldiz, garraio publikoko ibilgailuentzat, taxientzat, larrialdietako ibilgailuentzat, udal zerbitzuentzat eta eskola garraiokoentzat erreserbatuta egongo dira.
Ibilgailu motordun pribatuak, hortaz, ezingo dira ordutegi horretan Kolon hiribidean ibili. Larunbatean ere, hilak 23, Kolon pasealekuko erdiko erreiak bizikletentzat bideratuta jarraituko dute. Larunbatean, aldiz, trafiko arruntak normaltasunez funtzionatuko du alboetako bi erreietatik.