Udalak ostegunean izandako eraso sexista gaitzetsi du
Ostegunetik ostiralerako goizaldean gertatutako eraso sexista salatu zuen Irungo Udalak larunbat eguerdian.
Ostegunetik ostiralerako goizaldean gertatutako eraso sexista salatzeko, Irungo Udalak elkarretaratzea egin zuen larunbat eguerdian San Juan plazan “indarkeria sexistaren aurka agertzeko eta indarkeria horren biktimak bakarrik ez sentitzeko”. Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak bertaratu ziren ‘Irun indarkeria matxistaren aurka’ zioen pankarta bat helduta.
Udalak “gaitzespen sutsua” adierazi zuen jazotako erasoaren aurrean. Biktimari eta bere inguruari “babesa eta hurbiltasuna” eskaini dizkio, eta “bere berreskuratze eta konpontze prozesuan” laguntzeko behar dituen “udal informazio eta baliabideak” bere esku jarriko ditu. Udal erakundeak, kasuaren berri izan zuenetik, indarkeria sexistaren arloan “erakundeen arteko arretarako eta koordinaziorako protokoloa” aktibatu zituela jakinarazi du.