Udalak laguntza humanitarioa onartu du Maroko eta Libia laguntzeko
Bi herrialde horiek pairatzen ari diren egoera dela eta, Irungo Udaleko Lankidetzako arloak 20.000 euro bideratuko ditu kaltetuak laguntzeko.
Azken asteetan jazotako lurrikaren eta uholdeen ondorioz, nazioarteko laguntza jasotzen ari dira Maroko eta Libia. Bi herrialde horiek pairatzen ari diren egoera dela eta, Irungo Udaleko Lankidetzako arloak gaur onartu du 20.000 euro bideratuko dituela nazioarteko laguntza horretarako.
“Irungo Udalak marokoar eta libiar herriei elkartasuna eta babesa eman nahi die, eta bi herrialde horiek jasotzen ari diren laguntza ekintzekin bat egiten du. Hala, handitu egin dugu Garapenerako Lankidetzaren arloan mota horretako larrialdi egoerei erantzuteko dugun aurrekontua, eta 20.000 euro gehiago aktibatu ditugu kaltetuei laguntzeko”, esan du Cristina Laborda ordezkariak onartu den diru laguntzaren inguruan.
Alde batetik, Gurutze Gorriari 8.000 euro bideratuko dizkiote Marokoko hegoaldea astindu duen lurrikarak kaltetu dituen pertsonak laguntzeko. Bestalde, gainontzeko 12.000 euroak Daniel zikloiak Libian kaltetu dituen pertsonei igorriko dizkiete. Diru laguntza hori UNICEFen bidez tramitatuko du udalak.
Udal erakundeak gogorarazi du aurten ematen duen bigarren laguntza humanitarioa dela honakoa; izan ere, martxoan 13.000 euro bidali zituen Turkiara eta Siriara lurrikarak kaltetutako pertsonak laguntzeko.