Real Unionek etxetik kanpoko lehen garaipena lortu du
Sufrituz, baina txuri-beltzek garaipena lortu zuten larunbatean Galizian Arenteiroren aurka (2-3). Garaipen horrekin, irundarrak sailkapeneko bigarren postuan jarri dira, eta daramaten bolada onari jarraipena eman diote.
Real Unionek daraman bolada onari jarraipena eman zion larunbatean Galizian Arenteirori irabazita (2-3). Garaipen hori irundarrek etxetik kanpo lortu duten lehena da, eta sailkapeneko bigarren postura eraman ditu. Jokoan izan diren hamabi puntuetatik bederatzi poltsikoratu dituzte txuri-beltzek, eta lidergoan dagoen Tarragonako Nasticetik puntu bakarrera jarri dira. Liga hasiera bikaina osatzen ari dira Fran Justoren mutilak.
Real Unioni azkar jarri zitzaion partida alde, 2. minutuan Escobarrek aurretik jarri baitzituen txuri-beltzak. Markagailua alde izan arren, irundarrek ez zuten norgehiagoka itxi, eta sufritzen bukatu zuten epaileak emandako hamar minututik gorako luzapenarekin. Hala ere, puntuak etxera ekarri dituzte txuri-beltzek, bizi duten une gozoa luzatuz.
Irundarrak neurketako lehen jokaldian jarri ziren aurretik markagailuan. Alain Oyarzunek ateratako kornerra sare barrura bidali zuen Escobarrek. Real Unionek aldea handitzeko aukerak izan zituen, baina etxeko taldea izan zen saria lortu zuena, 17. minutuan Chaconek berdinketaren gola sartu baitzuen kontraeraso batean. Berdinketaren golarekin irundarrei erreakzionatzea kostatu zitzaien, baina lehen zatiaren bukaeran Alain Oyarzunek faltaz Real Union aurretik jarri zuen berriro (1-2).
Atsedenalditik bueltan, Arenteiro jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, Tiagok txartel gorria ikusi baitzuen 48. minutuan. Jokalari bat gutxiagorekin ari baziren ere, 53. minutuan etxeko taldeak partida berdintzea lortu zuen Chaconen gol bati esker. Real Union ez zegoen amore emateko prest, eta 66. minutuan Solisek areaz kanpoko gol batekin garaipenaren gola lortu zuen (2-3).
72. minutuan Arenteiro bederatzi jokalarirekin geratu zen, epaileak Ger kaleratu baitzuen. Nagusitasun horrekin Real Unionek partida ixteko bi aukera argi izan zituen, baina ezin izan zuten laugarren gola sartu. Hortik aurrera, txuri-beltzek hiru puntuak lortzeko sufritu behar izan zuten. Epaileak hamar minututik gorako luzapena eman zuen, eta Arenteirok erdiraketa mordoa egin zituen. Sufritzen izan bazen ere, puntuak etxera ekarri zituen Real Unionek.
Egutegiak, baina, ez du etenik, eta txuri-beltzek igandean ligako bosgarren jardunaldiko partida jokatuko dute Galen Teruelen aurka, 12:00etan. Lau jardunaldi jokatuta, Teruel jaitsiera postuetan eta irabazi gabe dago oraindik. Aragoitarrak bi punturekin dira sailkapenean eta premiazkoa dute irabazten hastea.
Federazio Kopa
Real Union Federazio Kopako fase nazionalean izango da iragan asteazkenean Euskal Autonomia Erkidegoko finala irabazi ondoren. Txuri-beltzek Asturiaseko txapeldunaren aurka jokatuko dute final hamaseirenetako kanporaketa, hau da, Marino de Luancoren aurka. Partida hori hilaren 27an jokatuko da Luancoko Miramar zelaian, 20:00etan.