Ostiralean, 'Sublime' filma Amaia KZn
Iazko Donostiako Zinemaldian LGTBIQ+ gaia ardatz duen Sebastiane Latino saria jaso zuen. Proiekzioa 18:00etan hasiko da, udaleko Berdintasun zerbitzuak antolatuta.
Ostiral honetan, hilak 22, Donostiako Zinemaldiaren 71. ekitaldia hasiko da, eta Irungo Udaleko Berdintasun zerbitzuak antolatuta, hiriak “bere leihotxoa” izango du jaialdiari begira; ostiral honetan, Sublime filma proiektatuko baita Amaia KZn, 18:00etan. Sarrera doakoa da, aretoko edukiera bete artekoa, eta proiekzioaren ondoren mahai-inguru bat egingo da.
Sublime Mariano Biasin zinemagile argentinarrak zuzendutako filma da, eta Donostiako Zinemaldiaren iazko ekitaldiko hamargarren Sebastiane Latino saria jaso zuen. Donostiako Zinemaldiaren Sebastiane Latino sariak LGTBIQ+ zinema latinoaren urteko estreinaldirik onena errekonozitzen du, haien errealitatea islatuz.
Irungo Udalak gogorarazi du “sentsibilizatzea, normalizatzea eta erreferenteak sortzea” dela LGTBIQ+ gaiaren inguruko filmen proiekzioaren helburua. Hori dela eta, Berdintasunerako eta LGTBIQ+ Aniztasunerako zerbitzuak, Gehiturekin eta Mugen Gainetik GKEarekin lankidetzan, urtero egiten du apustu Sebastiane Latinoren film irabazlea Donostiako Zinemaldiaren garaian Irunen proiektatzeko.
Filmaren ondoren, gainera, Alirio Peña Argentinako LGTBIQ+ aktibistarekin mahai-inguru bat egingo da. Aliriok LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek Argentinan bizi duten errealitatea ezagutzen duela nabarmendu du udalak, eta bere jardun aktibista zinemaren bidez garatzen duela gaineratu dute.
Filmaren sinopsia
Manuel kostako herri txiki batean bizi da. 16 urte ditu, eta baxua jotzen du talde batean bere lagun onenekin. Haietako batek Felipe du izena, eta oso lagun minak dira. Hautsi ezin den lotura dute, lotura hori frogatzeko unea iristen den arte. Manuel Azulekin ateratzen da, eta oso harreman bizia du neska horrekin, baina egun batean, zerbait gertatzen da, eta Felipe beste begi batzuekin ikusiko du.