Irungo EAJk energia kontsumoa murriztearen alde egingo du
Mugikortasunaren Europako Astea dela aprobetxatuz, jeltzaleek mugikortasun jasangarriaren bidea jorratzeko hainbat neurri proposatu dituzte.
Irun Mugikortasunaren Europako Astean murgilduta dago larunbatetik. Udalak bat egin du Europa mailako egitasmo horrekin, eta ostiralera arte mugikortasun jasangarria ardatz duten hainbat jarduera izango dira hirian. Aurtengo kanpaina energia eraginkortasunean zentratua dagoela gogorarazi du Irungo EAJk, eta hiriko alderdi jeltzaleak “energia kontsumoa murriztearen eta 2050erako karbono neutroa izango den Europa eraikitzen laguntzearen alde” egingo duela jakinarazi du.
Hirietan energia kontsumoa murrizteko, garraioak asko lagunduko duela ziur da EAJ. Hori dela eta, honako neurrien alde egin du:
- Pixkanaka Irunbusen flota berritzea. Orain egun batzuk hiru autobus elektriko berrien erosketa babestu zuen EAJk.
- Lineak etengabe hobetzea, egungo eta etorkizuneko erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko.
Bestalde, garraio aktiboaren sustapena eta energia erabiltzea, ikatzaren erabilera alderatzeko eta pixkanaka horri agur esateko “faktore garrantzitsua” dela esan du EAJk. Alderdi jeltzaleak gaineratu du Irun ez dela “distantzia handiko” hiria, baina puntu batzuetan bere orografia “erraza” ez dela nabarmendu du. Ildo horretatik, honakoak proposatu dituzte:
- Lapitzeko konexioa, Gain-Gainean eta Larretxipi kaleen bidez, Alde Zaharrarekin, oinezkoentzako ibilbide berri bat irekiz, Uranzu kaletik barrena.
- Mendibil inguruko irisgarritasuna hobetzea, Musika Kontserbatoriora, parkera edo adinekoen egoitzara etengabe joateko lekua baita.
- Plaiaundiko oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealekua gauzatzea. Horri esker, eskualdeko hiru hiriak batu ahal izango dira, eta laster hasiko da.
- Via Irun proiektuak hiria egituratuko duen eta barne mugikortasunean lagunduko duen beste aukera ba izan behar du.
EAJk uste du “ezinbestekoa” dela “mugikortasunaren kudeaketa eraginkor bat” sustatzea, “are gehiago planteatzen zaizkigun erronken aurrean”. Horretarako, Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plan berria (PMUS) osatzen eta idazten laguntzeko prest daudela aitortu dute. Izan ere, Irunek XXI. mendeko “hiri berrien abangoardian” egon behar duela ziur dira jeltzaleak. Irun hiri “erakargarria” izan dadin, “herritarren oparotasuna eta ongizatea” lortzen lagunduko duten jarduerak garatu behar direla adierazi dute. Hori dela eta, beren “lehentasuna” hiriko “mugikortasuna hobetzea eta pertsonen egunerokotasuna erraztea” dela iragarri dute.