Bidasoa Irun, bide onetik
Estreinako partidan Bartzelonaren aurka berdindu ondoren, sasoiko lehen garaipena lortu zuten irundarrek larunbatean Torrelavegan (29-34). Ezin hobe hasi dute aurtengo sasoia.
Bidasoa Irunek bide onetik hasi du 2023-2024 sasoiko Asobal Liga. Estreinako partidan bidasaorrek Bartzelona handiaren aurka berdindu zuten Artalekun (26-26), eta larunbatean Bathco Torrelavegaren kontra nagusitu ziren etxetik kanpo (29-34). Jokoan izan diren lau puntuetatik, hiru lortu dituzte irundarrek, eta sailkapeneko ohorezko postuetan kokatu dira.
Torrelavega sendo kantxaratu zen, eta haien aldekoak izan ziren markagailuko lehen abantailak. Hala ere, irundarrak izan ziren lehen zatiari erritmoa jarri ziotenak, eta 11. minutuan hiru goleko errenta lortu zuten Rodrigo Salinasen golei esker. Lehen zatiaren erdian, etxekoek gol batera murriztu zuten bidasoarren abantaila. Momentu horretatik aurrera, baina, Bidasoak berriro ireki zuen aldea markagailuan, Harbaoui atezainaren eta defentsaren lan onari esker. Atsedenaldira bost goleko aldearekin iritsi ziren bidasoarrak (13-18).
Aldageletatik bueltan, partidak bide beretik jarraitu zuen, eta lehen hamar minutuetan bost goleko aldea zortzira handitu zuen Bidasoak. Egoera ikusirik, Torrelavegaren entrenatzaileak bi hutsarte eskatu zituen bost minututan erreakzioa bilatzeko helburuarekin. Erreakzioa iritsi zen, baina ez partida irabazteko adinakoa. Etxeko taldeak aldeak murriztu zituen, baina gehienez bi goletara hurbildu ziren. Azken minutuetan, Bidasoako Gorka Nieto jokalariak abantaila handitu zuen eta puntuekin itzuli ziren etxera (29-34).
Asobal Ligak erritmoa hartu du jada, eta egutegiak ez du etenik izango bidasoarrentzat. Irundarren hurrengo erronka ostiralean izango da, Artalekun, Recoletas Atletico Valladoliden aurka, 20:00etan.