Justo: "Gure mailarik onenean egotea eskatuko digu Arenteirok"
Real Union etxetik kanpoko lehen garaipena lortzen ahaleginduko da bihar daraman bolada onari jarraipena emateko. Galizian jokatuko dute, Arenteiroren aurka, 19:30ean.
Asteazkenean Federazio Kopako Euskal Autonomia Erkidegoko faseko txapeldun izendatu ondoren, Real Union lehiara itzuliko da larunbat honetan ligako laugarren jardunaldiko partida jokatzeko. Txuri-beltzek Galizian jokatuko dute Arenteiroren aurka, 19:30ean. Irundarrak sailkapeneko hirugarren postuan dira sei punturekin, lidergoan den Ponferradinatik puntu bakarrera. Galiziarrak, aldiz, bederatzigarren dira lau punturekin. Txuri-beltzek denboraldi hasiera onari jarraipena eman nahi diote goiko postuetan jarraitzeko.
Fran Justo prestatzailea etxera itzuliko da, Galen lurreratu aurretik Arenteiro entrenatu baitzuen. Hori dela eta, irundarren entrenatzaileak ondo ezagutzen ditu galiziarrak eta ziur da partida on bat jokatu beharko dutela puntuak lortzeko: “Partida oso ona aurkezten da, bi talde oso onen artekoa, futbol giro zoragarria duen estadio batean. Gure mailarik onenean egotea eskatuko digu etxetik kanpo gure lehen puntuak lortzeko”.
Galiziatik emaitza on bat lortu nahi badute, “maila gorenean” egon beharko dutela nabarmendu du Justok: “Gure maila gorenean egon ahal izatea espero dut, puntuengatik lehiatzeko dugun aukera bakarra delako. Ezagutzen ditut, baina haien indarguneak ere ezagutzen ditut. Badakit zein zaila den Espiñedon jokatzea, zein indartsua den Arenteiro han, eta zer eskatuko digun. Futbolean zentratu behar dugu, egiten dakigunean, gure esentzian, eta talde gisa garatzen eta hazten jarraitu. Oso kontzentratuta jokatu behar dugu, ez dugu akatsik egin behar, partida interesatzen zaigun eta Arenteirok sufritu dezakeela uste dugun lekura eraman behar dugu. Hori egiten badugu, puntuak batzetik gertu egongo gara”.
Federazio Kopa
Federazio Kopako Euskal Autonomia Erkidegoko faseko txapeldun izendatu ondoren, Real Union txapelketako fase nazionalerako sailkatu da. Txuri-beltzek final hamaseirenetan hasiko dute ibilbidea hilaren 27an, eta aurkaria Asturiaseko txapelduna izango da, Marino de Luanco. Irundarrek Asturiasen jokatuko dute partida.