Garraio publiko eraginkor, ekonomiko eta berdearen alde
Asteazkenean egin zen ezohiko osoko bilkuran Irungo garraio publikoa elektrifikatzen jarraitzeko kredituen aldaketa onartzearen alde bozkatu zuen Elkarrekinek. Hala ere, garraio publikoaren aldeko apustua indartzen jarraitzeko beharra aldarrikatu dute.
“Garraio berdea, ingurumena gehiago errespetatzen duena, pixkanaka errekuntza flota elektrikoarengatik aldatuz lor daiteke. Garraio publikoari dagokionez, behintzat”. Elkarrekin Irunen hitzak dira horiek. Garraio publiko “eraginkor, ekonomiko eta berdearen” aldeko apustu hori aurreko agintaldiko gobernuak egin zuela gogorarazi du koalizio moreak, Europako Next Generation laguntzekin.
Aurreko legegintzaldian hiru autobus elektriko erostea erabaki zen, eta asteazkenean ezohiko osoko bilkura egin zen Irungo garraio publikoa elektrifikatzen jarraitzeko kreditu aldaketa onartzeko. Elkarrekinek aldaketa horren alde bozkatu zuen: “Autobus hauek eskuratu ahal izateko puntu honen alde bozkatzeaz esan nahi du gure flota publikoa modernizatuko duen zerbait dela, zerbitzua enpresa pribatu batek ustiatzen badu ere”. Ezohiko osoko bilkuran hartutako erabakia “garraio eraginkorraren” alde egiteko beste urrats bat dela nabarmendu du David Nuño Elkarrekin koalizioko udal bozeramaileak.
Horrez gain, Ukrainako gerrak eta lehen mailako ondasunen garestitzeak eragindako krisiaren ondoren, Unidas Podemos eta PSOEk osatutako gobernuak garraio publikoa diruz laguntzeko apustua egin zuela oroitarazi du Nuñok. Erabaki horrek autonomia erkidegoak eta udalak gauza bera egitera bultzatu zituela esan du udal bozeramaileak: “Uste dugu egungo agintaldian garraio publikoaren prezio merkatzen jarraitu behar dela eta doakotasunera bideratu behar garela, ez baita enpresa pribatu baten negozioa, herritarrentzako funtsezko zerbitzuak baizik”.
Hori dela eta, Elkarrekinek adierazi du garraio publikoaren aldeko apustua ezin dela “enpresa pribatu batek ustiatuko duen hiru autobus elektriko erostera mugatu”. “Maiztasunak handitzen eta prezioa merkatzen” jarraitu behar dela nabarmendu du koalizio moreak, bestela, “marketin politikoa” izango dela baietsi dute, pertsonentzat “konponbide errealik gabe”.
“Ezin dugu ahaztu PMUSa hauteskunde kalkuluen ondorioz kaxoi batean aparkatuta dagoela eta Emisio Baxuen Eremua bezalako gai garrantzitsuekin aurrera atera behar duena”, esan du Nuñok. Bukatzeko, gogorarazi du “lehenago edo geroago” mahai gainean jarri beharko dutela, eta “funtsezko arazoen benetako konponbideak” aztertu beharko dituztela.