Cuetara: "Konfiantzarekin, baina lasaitu gabe"
Bidasoak ligako bigarren partida jokatuko du bihar Torrelavegan, 17:00etan. Etxeko taldea seigarren sailkatu zen iazko Asobal Ligan, eta lehia zaila aurreikusi du bidasoarren prestatzaileak.
Bidasoa Irunek Asobal Ligako bigarren partida jokatuko du bihar Torrelavegan (Kantabria) Bathco Torrelavegaren aurka, 17:00etan. Irundarrak konfiantza handiarekin dira estreinako neurketan Bartzelonaren kontra berdindu ondoren. Hala ere, Jacobo Cuetarak esan du “konfiantzarekin” bai, baina “lasaikeriarik gabe” egin behar diotela aurre biharko norgehiagokari.
Torrelavega seigarren sailkatu zen iazko Asobal Ligan, eta Bidasoa, laugarren. Cuetarak argi du erronka zaila izango dutela parez pare, eta “partida on bat” jokatu behako dutela garaipena lortzeko: “Partida ona jokatu behar dugu. Taldea mentalizatuta dago hurrengo neurketarako. Ligako edozein talde da zaila, talde guztiek dituzte beren armak, eta Torrelavegak iaz erakutsi zituen Europako lehiaketetako taldeei irabazita”.
Iazko denboraldian seigarren sailkatu izanak Torrelavegaz “dena esaten” duela uste du Cuetarak, eta azken sasoietan “hazten” joan den taldea dela esan du: “Denboraldietan hazten joan den taldea da, ilusio handiarekin eta ondo lan eginez. Balio hori eman behar da, izan ere, klubak daraman goranzko joerarekin, talde garrantzitsua izan daiteke Asobal Ligan”. Horrez gain, honela definitu du bidasoarren prestatzaileak biharko aurkaria: “Ondo landutako taldea da, nortasun ezaugarri argiekin. Jakitun gara beren potentzialaz, joko aberats eta freskoaz, kontraeraso askorekin. Hala ere, gurea egin behar dugu gure maila gorena emateko gai izateko”.
Bartzelona handiaren aurka lortutako berdinketak “konfiantza positiboa” eman behar diela esan du Cuetarak, ez “gehiegizko konfiantza”. Horrez gain, “partida bakar batek” egoera aldatzen ez duela aitortu du: “Partida bakar batek ez du bat-batean errealitatea aldatzen. Bartzelonaren aurkako neurketaren aurretik zalantzak genituen, jokatutako lagunartekoetan 60 minututan maila ematea kostatzen zitzaigulako, joko zuloak genituen. Partida batek ez du egoera aldatzen. Sei edo zazpiko erreferentziak gehiago balioko du batenak baino. Barçaren aurkako partidaren erreferentzia ona hartu behar dugu, ahal dugula eta konfiantza positiboa eman diezagula ikusteko, ez ezezkoa, gehiegizko konfiantzagatik”.
Iazko denboraldian Bidasoak puntu asko utzi zituen bidean Artalekutik at, etxetik kanpo ez ziren oso fin ibili. Asobal Ligan “berdintasuna” nabarmena dela dio bidasoarren prestatzaileak, eta etxetik kanpo puntuak ateratzea “zaila” izango dela esan du: “Kanpoan jokatzeko zailtasun logikoari aurre egin behar diogu. Etxetik kanpo puntuak ateratzea zaila izango da. Aurreko denboraldian gertatu zen bezala, berdintasunagatik talde askok puntu asko utziko dituzte”.
Bosgarren jardunaldia
Asobal Ligak bosgarren jardunaldiko partiden ordutegiak iragarri ditu. Bidasoak Artalekun jokatuko du urriaren 7an, 17:00etan, Angel Ximenez Puente Genilen aurka.