Oñaurren estalkia jartzea erabaki dute Tokiko Gobernu Batzarrean
Tokiko Gobernu Batzarrak ohiko bilkura egin du eta beste batzuen artean, erabaki dute Oñaurreko haur jolasen eremuan estalkia jartzea.
Irungo Tokiko Gobernu Batzarrak ohiko bilkura egin du eta hiru puntu onetsi dituzte: irailaren 6an egindako bilkuraren akta, Gestion de Servicios Residencial, S.COOP. sozietateari, Egiluze eraikina (Lapice auzoa, 31) lehen aldiz okupatzeko lizentzia ematea, eta Oñaurreko haur jolasen eremuan estalkia jartzea.
Obra publikoari dagokionez, jarduketa eremuaren azalera 1.100 metro karratukoa da. Proiektuaren helburuak dira, erabiltzaileei eguralditik babesteko beharrezkoa duten babesa emateaz gain, espazioa egituratzea, jolastoki inklusibo bat izatea eta askotariko jolas esperientziak biltzea. Udalak azpimarratu du helburu horiek betetzeko garrantzitsua dela “espazio berriko jolas, erronka eta esperientziak adin, aurrekari kultural eta gaitasun fisiko, sentsitibo, kognitibo eta sozial guztietako haurrentzat izatea”.
459.998,42 euroko proiektuak hiru eraikuntza elementu izango ditu, eta lanak sei hilabetean egingo dituztela aurreikusten dute. Egituraren konfigurazioaren ondorioz, egungo jolas batzuk dauden lekuan geratuko dira, eta beste batzuk, berriz, lekuz aldatuko dituzte.