Familien eta adingabeen beharrei erantzuteko programa
Irungo Udalak gaur aurkeztu ditu, familiei, gurasoei eta gazteei zuzendutako programak. Hilaren 15ean irekiko da izen ematea.
Irungo Udalak programa multzo handi bat abiarazi du familien eta adingabeen beharrei erantzuteko asmoz. Gaur goizean egin duen agerraldian Cristina Laborda Gizarte Ongizateko ordezkariak eskainitako programez hitz egin du.
“Irungo Udalak ibilbide oparoa dauka gurasoei, nerabezaro betean dauden gazteei eta edonolako arreta behar duten haurrei laguntza ematearekin lotutako proiektuetan. Aproposa iruditu zaigu, ikasturtea hasten ari den honetan, horiek berriz ere aipatzea, argi gera dadin zer garrantzi handia ematen diogun herritarrek behar dituzten tresnak eskaintzeari”, adierazi du Labordak.
Eskaintzen diren programa guztiak doakoak dira, eta beharraren arabera egokitzen dira. Programa orokorrak izateaz gain, badira espezifikoagoak ere, eta beharrezkoa izanez gero, baliabide osagarriak ere aktibatzen dira.
Programa ezberdinak
Gurasoekin izeneko programak gurasotasun positiboa bultzatzen du, talde txikitan elkartzen dituzte gurasoak eta hamabost egunean behin elkartzen dira Palmera Monteron. Sei psikologo eta psikoterapeutaz osatutatko lantalde profesionalak laguntzen die ikasturte osoan zehar. 0 eta 18 urte harteko seme-alaben gurasoak elkartzen dira bertan, eta familien lotura afektiboak indartzen dituzte.
Gazteekin programan aldiz, 12 eta 17 urte arteko nerabeak bizitzako gaitasunetan trebatzen dituzte. Programak Osasunaren Mundu Erakundearen nazioarteko ekimen bat du inspirazio-iturri, eta horiei esker, nerabeak eta gazteak prestatuago daude egungo munduak dakarzkien erronkei aurre egiteko.
Bi programetan izen emateko Irungo webgunean egin daiteke, baita telefono bidez 943 50 51 52 zenbakian. Irailaren 15ean, bihar, irekiko da epea eta urriaren 15ean itxiko da, eta plaza mugatuak dira.
Ingurune irekia
Labordak ingurune irekiko hezkuntzen garrantzia aipatu du: “Auzoetan ezaguna da, eta aurrekoak bezain garrantzitsua da nolabaiteko beharren bat duten gazteei laguntzeko”. Komunitatean integratzeko beharrei eta beste testuinguru batzuei erantzuten dien nerabeentzako arreta da.
Arreta pertsonalizatua
Arreta pertsonalizatua lantzeko programa ere badute eskuartean. Iaz 242 familiarekin lan egin zuten eta bertan Irungo haur eta nerabeen babesa bermatzeaz arduratzen dira. Lan horretarako, Gizarte Ongizateko sailak 4 profesional ditu. Antzematen dituzten egoerak oso larriak direnean Udaleko gizarte zerbitzuek Foru Aldundiari jakinarazten diote kasua.
Azkenik, eskola prebentzia ere lantzen dute. Labordak esan du ezinezkoa litzatekeela esku-hartze komunitarioko zerbitzuak egiten duen lana ulertzea ikastetxeetako prebentzio proiektuak aipatu gabe. Bertan lantzen dituzte, adikzioen prebentzioa, teknologia berriak arduraz nola erabili, osasuneko eta ongizateko ohiturak eta beste hainbat arlo.
Aurrekontuari dagokionez, Udalak milioi erdi euro baino gehiago ditu bideratuta programa horietara.