Aurrez aurreko partaidetza saioen lehena egin zuten atzo
Hogei hiritar baino gehiagok hartu zuten lehen partaidetza saioan, eta eztabaidatu ondoren hiru proposamenek egin dute aurrera.
Atzo egin zuten 2024ko partaidetza bidezko aurrekontuak egiteko prozesuaren barruan aurreikusitako bi saioetan lehenengoa. Herritarren Partaidetzarako eta Auzoetarako ordezkari Nuria Alzagak hasi zuen bilera, eta ondoren eztabaida taldeak osatu zituzten.
Hiria hobetzen jarraitzeko proposamenak ezagutaraztera joan ziren hogei hiritar baino gehiago. Lantaldeetan banatu ziren, eta denera 21 proposamen egin zituzten, eta bozkatu ondoren, hiru proiektuko sorta bat osatu zuten. Udalak azaldu du, behin zerbitzu teknikoek bideragarritasun azterketa eginda, azken bozketan sartuko direla.
Lehen proposamena adinekoentzako zentroetako programazioa areagotzea izan zen, eduki programa zabaltzea. Bigarren proposamena, Sorozarreta parkearen barruko bideak egokitzea izan zen. Azkenik, Artaleku kiroldegiaren kanpoko hormaren itxura hobetzea ere eskatu zuten.
Aurrez aurreko hurrengo saioa astelehenean egingo dute, hilak 18, 19:00etatik aurrera. Hala ere, herritarrek proposamenak online bidaltzeko aukera ere izango dute hilaren 14tik 18ra bitarte, udalaren webgunearen bidez. Baliozkotzen dituzten proposamenekin urriaren 3 eta 4an aurretiko bozketa egingo dute.
Informazio karpak
Saio eta aukera horiez gain, auzoetan parte hartzeko eta informatzeko karpak instalatuko dituzte; bertan prozesuen eta proposamenen informazioa emango diete herritarrei. Hona hemen karpen kokalekuak eta ordutegiak: Irailaren 14ean, ostegunean, 18:00etatik 20:00etara Kateko auzo elkartearen lokala; urriaren 6ean, ostiralean 18:00etatik 20:00etara San Migel plazan, eta urriaren 7an, larunbatean 11:00etatik 13:00era, Zabaltza plazan.
Gazte prozesua
Gainera, aurten ere gazte prozesua sustatzeko da eta online komunikazioa areago landuko dute. Hari beretik, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako institutuekiko lankidetza areagotuko dute. Horrela, nerabeek aukera izango dute proposamenak udalari aurkeztu eta boska bidez nahi dutena aurrera eramateko.