Ondare bizia erakutsiko du Bidasoko Interpretazio Zentroak
Hilaren 15etik 17ra Ondarearen Europako Jardunaldiak izango dira, eta Bidasoko Zentroak ateak irekiko ditu egun horietan Frantziako ondarearen programaren barruan.
Hilaren 15etik 17ra, ostiraletik igandera, Ondarearen Europako Jardunaldiak izango dira, eta 48 herrialdek Europako tradizio, ezagutza eta teknika kulturalen bizitasuna, aniztasuna eta garrantzia erakutsiko dute. Aurtengoa programaren 40. ekitaldia izango da, eta Bidasoko Interpretazio Zentroa Frantziak jardunaldi horien esparruan duen jarduera programaren parte da. Hori dela eta, zentroak hiru egunetan irekiko ditu ateak, ‘Ondare bizia’ lelopean.
Bidasoa-Txingudi inguruko biodibertsitatearen aberastasuna edo Done Jakue bidea eskualdeko ‘Ondare biziaren’ parte dira eta “protagonismo berezia” dute Interpretazio Zentroan. Erakusketa eremuak, gainera, Bidasorekin lotutako gaiak elkargune gisa islatzen ditu, aduanaren historia gogorarazten du eta tokiak gune estrategiko gisa duen garrantzia azaltzen du.
Hori dela eta, Bidasoko Interpretazio Zentroa, Hendaye Tourismeren ekimenez, aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien Frantziako programazioan txertatu dute. Zentroa “modu berezian” irekiko da ostiraletik igandera, 10:00etatik 13:00era eta 15:00etatik 18:30era.
Ondarearen Europako Jardunaldiak Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak batera antolatzen dituzte 1999tik. “Europako kultura ondarearen aberastasuna eta aniztasuna balioestea” dute helburu, eta, aldi berean, elkarrizketa, inklusioa eta mugaz gaindiko lankidetza sustatzen dituzte.
Ildo horretan, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko Miguel Angel Paez presidenteak nabarmendu du ekitaldi hori “aukera berezia” dela kultura eta natura ondarearen aberastasuna nabarmentzeko, eta Bidasoko Interpretazio Zentroa “agertoki ezin hobea” dela bisitariei “eskualdearen historia eta edertasuna” mugaz gaindiko ikuspegi batetik erakusteko. Jardunaldiek egungo eta etorkizuneko belaunaldiei “ondarea baloratzeko eta babesteko” inspirazioa eman nahi dutela azaldu du Paezek, eskualdean turismo kulturala eta iraunkorra sustatzeko.