Lehen lagunartekoak jokatuko dituzte Txingudi Errugbiko taldeek
Gizonen talde nagusiak Plaiaundin jokatuko du larunbatean Atletico San Sebastianen aurka, 16:00etan. Harrobiko taldeak, aldiz, etxetik kanpo arituko dira.
Denboraldi aurrea aurrera doa, eta Txingudi Errugbi Taldeko gizonen talde nagusiak lehenengo lagunarteko partida jokatuko du larunbatean Plaiaundin, 16:00etan. Bidasoarrek azken hilabete eta erdiko entrenamenduetan landutakoa zelaian erakusteko aukera izango dute Atletico San Sebastianen aurka, Jose Luis Peña ‘Toci’ koparen lehian. Donostiarrek Plaiaundin jokatu zuten azken partida nagusitasunez irabazi zuten iazko denboraldiko igoerako play-offean (8-55).
Harrobiko taldeak, aldiz, etxetik kanpo arituko dira. 18 urtez azpiko taldeak Zarautzen jokatuko du larunbatean, 16:30ean. 16 urtez azpiko taldeak, berriz, larunbatean entrenamendu partekatu bat izango du Ordiziako Altamira zelaian, 12:15ean. Bidasoarrak Goierri eta Valladolideko El Salvador taldeekin batera arituko dira. Klubak jakinarazi du Valladolideko taldea seigarren izan zela iazko Espainiako Txapelketan, eta estatuko harrobirik “indartsuenetakoa” dutela gaineratu dute.
Gazteen Euskadiko selekzioa
Iragan astelehenean 16 urtez azpiko Euskadiko selekzioak topaketa egin zuen Zarautzen, eta Txingudiko bi jokalari izan ziren bertan: Aritz Arrieta eta Ewan Little. Selekzioak hainbat topaketa egingo ditu denboraldi honetako txapelketak jokatuko dituen multzoa zehaztu arte.